«Behobia modan dago, eta jendeak esaten du edozeinek egin dezakeela, baina hogei kilometro dira»

Irati Urdalleta 2019ko aza. 9a, 05:58
Gema Amundarain. IRATI URDALLETA

Gema Amundarainek (Itsasondo, 1958) ez zuen uste inoiz Behobia-Donostia egiteko gai izango zenik, baina aurten zazpigarrena izango du.

«Haurrak txikiak zirenean, senarra eta koinatua ateratzen ziren. Gu animatzera joaten ginen, baina niri ez zitzaidan burutik pasa ere egiten ateratzea». Lehengo aldi hura berezia izan zela dio. Urtebete lehenago hasi zen entrenatzen eta arra sentitu zuen taldekideek Behobia egiteko zeukaten ilusioarengatik. Ondo gogoan du bere lehen aldia: «Nire Behobiarik politena izan da, magikoa. Lehenengoak badu xarma bat gainontzekoek ez daukatena».

Manoli Arteagarekin batera emakume talde batean entrenatzen du Tolosan. «Guretzat korrika egitea da, baina sozializatzeko, terapia egiteko… ere balio digu». Amundaraini ere Behobian ateratzeko beharrezkoa iruditzen zaio entrenatzea: «Gaur egun, modan dago, eta jendeak esaten du edozeinek egin dezakeela, baina hogei kilometro dira».

Behobian parte hartzen daraman urteek ikasteko ere balio izan diote. «Lehenengo urtean oso azkar joaten zara, jendeak eramaten zaituelako, baina gelditzen ikasi behar duzu». Gainera, orain gai da bakarrik korrika egiteko ere: «Nik beti jendearekin ibili izan naiz korrika, baina ikasi dut bakarrik egiten ere, eta hori niretzako lorpen handia da».

Bera bezala gero eta gehiago dira Behobian parte hartzen duten emakumeak, eta horrek ere lasterketa «indartu» egin duela iruditzen zaio Amundaraini. Horrela izaten jarraitu dezan zer egin behar den ere argi dauka: «Korrikarako emakumeen taldeak sortu beharko lituzkete. Behobiari bakarrik begiratzen diote, baina urte osora begira egin beharko litzateke lana». Azkenik, Amundarainek emakumeak animatu nahi ditu korrika egitera: «Jendeak korrika ezagutzen duenean, kateatuta geratzen da».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!