«Ni ez naiz hainbeste zenbakiekin geratzen, sentsazioekin baizik»

Irati Urdalleta 2019ko aza. 9a, 05:58
Manoli Arteaga. IRATI URDALLETA

Lagun batek animatuta. Horrela hasi zen Manoli Arteaga (Tolosa, 1964) Behobia-Donostia lasterketan parte hartzen. 2013an egin zuen lehengoz, eta «sentsazio oso onekin» geratu zenez, igandean ere bertan izango da. 

Lasterketa hori egitea «entrenatzeko arrazoi bat» da tolosarrarentzat. Gainera, egunean bertan, «festa giro ederra» egoten dela ziurtatzen du: «Zenbat jendek animatzen duen ikustea bakarrik izugarria da». Berazubin elkartzen den emakume talde batean entrenatzen du, eta Behobia soilik ez, korrika egitea bera ere garrantzitsua da Arteagarentzat: «Egunerokotasunetik ateratzeko balio dit. Erronka txikiak jartzen ditugu, eta horiek betetzeak asetuta uzten nau».

Behobia askorentzat festa baldin bada ere, beste batzuentzat sufrimendu bihurtzen da. Hori gertatu ez dadin, bakoitzak bere burua ezagutzea gakoa dela dio: «Beroarekin ez naiz ona eta nire buruari motelago joateko esaten diot. Hori niretzat buruarekin jokatzea da, baita erretiratzen jakitea ere». Ondo entrenatuta egon arren, bada jendea lasterketako urduritasunak gain hartzen diona. «Ezagutzen dut jendea korrikarako gaitasuna duena, baina lasterketa baino pare bat aste lehenago gaixotu egiten direnak presioarengatik».

Arteagak badu bereziki gogoratzen duen Behobia bat. Izan ere, etxean zeuzkan zamarra guztiak bota zituen, eta egun horretarako, Emausera joan zen bigarren eskuko bat erostera. «Bi taila handiagoa zen, eta glamour handirik gabe joan nintzen», dio barrez.

Serioago jarrita, Behobian korrika egitera iristerako hainbat oztopo gainditu behar izan dituela iruditzen zaio, emakume izateagatik soilik: «40 urte baino gehiago nituenean hasi nintzen korrika, eta beti joaten nintzen jendeak zer esango zuenaren beldurrez». Hasieran, beraren kontua soilik zela pentsatzen bazuen ere, gerora konturatu da orokorra dela: «Orain, konplexu horiek gainditu ditut, baina taldean hitz egiteakoan ikusten da besteek ere bazeuzkatela». Emakumeen parte hartzea handitzeko, berriz, komunikazioa beharrezkoa iruditzen zaio: «Gurea bezalako taldeak ezagutarazteko kanpainak egin beharko lirateke».

Aurtengo lasterketari begira, gustura dago. Izan ere, orain arte dortsal zuria eraman izan dute beti, baina aurten urdina izango dute, denbora hobeak egin dituztelako. Hala ere, postuari ez dio hainbesteko garrantzirik ematen: «Ni ez naiz hainbeste zenbakiekin geratzen, sentsazioekin baizik».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!