«Jendeak esaten duenean bere lehen lasterketa Behobia izango dela, gaizki iruditzen zait»

Irati Urdalleta 2019ko aza. 9a, 05:58

Ioana Arbillaga. ATARIA

Bukatzea helburutzat hartuta hasi zen Ioana Arbillaga (Tolosa, 1981) Behobia egiten, eta lehen aldi hura ez du ahazten: «Lehenengo Behobia beste modu batera bizitzen duzu, eta badauka zerbait berezia». 

Ordutik, lasterketa bakoitzean helburu desberdina jarri dio bere buruari: «Bakarrik joan izan naiz, marka egiteko; azkarrago joateko, eraman izan naute; eta beste norbaiti laguntzen ere joan izan naiz». Arbillagarentzat, entrenamendu kopuruak zehazten du urte bakoitzeko helburua. «Festa handi bat da, baina atzean zenbakiak ere badaude».

Behobia egin behar duen eguna «izugarria» da Arbillagarentzat. «Ez da karrera polita, baina hunkigarria da. Dagoen jendetzarekin ez zara ausartzen oinez joatera», dio. Urtero berezia izan arren, argi du zein den inoiz ahaztuko ez duena: «Behobiaren bezperan jakin nuen haurdun nengoela. Senarrari esan nion elkarrekin egingo genuela, eta metan aita izango zela esatea pentsatzen nuen, baina hain gaizki ikusi ninduenez, bidean esan behar izan nion. Susto ederra hartu zuen».

Arbillagak argi du Behobia denentzako lasterketa bat dela, baina entrenatuta joan beharra dagoela: «Jendeak esaten duenean bere lehen lasterketa Behobia izango dela, gaizki iruditzen zait». Hogei kilometro lasterka egiteko gai izan behar dela dio: «Ez da martxa bat, lasterketa bat baizik, eta entrenatuta joan beharra dago». Arbillagak nabarmendu du batzuetan Behobiako denborari begiratzen zaiola korrikalari baten maila zehazteko: «Behobia ondo egiten baduzu korrikalari ona zarela dirudi, baina lasterketetan ateratzen ere jakin egin behar duzu». Ziur dago Behobian atera aurretik prozesu bat egin behar dela, hau da lasterketa motzagoetatik hasi behar dela. Emakume ugarik hori egiten dutela dio, eta horregatik parte hartzea ere gero eta handiagoa dela: «Asko Lilatoiarekin hasten dira eta gero, Behobiara iritsi daitezke». Emakumeak gero eta gehiago izan daitezen, denbora beharrezkoa dela iruditzen zaio. «Emakumea kirol denetan sartzen ari da, baina hasteari beldurra kendu behar zaio», gaineratu du.

Arbillaga ere aurtengo lasterketari begira jarrita dago aspalditik. Lagun batek lehen urtea du, eta harekin egingo du. Beraz, lortutako denborengatik dortsal gorriarekin ateratzeko aukera badauka ere, zuriarekin irtengo da, eta gozatzea izango du helburutzat: «Zure buruarekin lehiatu behar duzu, baina sano, hau joko bat delako, eta gozatu egin behar da».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!