Argazki galeria

Herrikoia, baina gogorra

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urr. 27a, 14:27

Olarrain auzoko festen barruan, eta Abraham Olano Peñak antolatuta, XXXI. Abraham Olano Mendi Bizikleta Trabesia Herrikoia izan da goizean. Tolosa inguruko bideak ezagutu eta horietaz gozatzeko aukera izan dute parte hartzaileek.

Jakina zen Abraham Olano txirrindulari ohia ez zela aurtengo edizioan izango. Ez da erakustaldi faltarik izan, ordea. Izan ere, duela bi urte profesional mailako txirrindularitza uztea erabaki zuen Haimar Zubeldia usurbildarra bertan izan da. Zubeldiak, gainera, ez du gupidarik izan, eta lehen aldapatik aurrera, gainontzekoei alde handia ateratzen hasi da. Astean zehar, gogorarazi zuten ez zela lehiaketa bat. «Martxa bat da eta, beraz, ez da inongo sailkapenik egiten», adierazi zuten antolatzaileek. Bukaeran, hainbat produkturen zozketa egin dute parte hartzaileen artean.

Parte hartzaileak Olarrain auzotik atera dira eta Tolosako herrigunetik itzuli bat eman ondoren, Olarrainera itzuli eta hortik Korteta landetxera igo dira, eta handik Urkizu aldera. Ondoren, Dama-Iturrira jaitsi dira, eta berriro Kortetara itzuli eta Albiztur aldera joan dira. Ibilbide motza egin dutenek, zuzenean Urkizura igo dira, eta ibilbide luzea egin dutenek, berriz, Urkizura iristeko beste bide bat hartu dute Hernioko pistatik barrena. Ibilbide luzekoek 1.100 metroko malda positiboa izan dute, 32 kilometroko ibilbidean; ibilbide motzekoek, berriz, 26 kilometro egin dituzte, ia 900 metroko malda positiboarekin.

Zubeldiaz gain, parte hartzaileen artean, bertako txirrindulariez gain, kanpotik etorritakoak ere izan dira. Tartean, ezagun askoren aurpegiak ikus zitezkeen. Besteak beste, Caja Rural taldeko txirrindulari profesionala den Jon Irisarri leaburuarra, Caja Laboral taldeko afizionatu mailako Unai Iribar ibartarra, elite mailan Mendi Duatloieko Euskal Herriko Txapelketa irabazi berri duen Eneko Gurrutxaga billabonatarra, edota Mendi Bizikletako Munduko Kopako proba jokatu zuen Patxi Plazaola orendaindarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!