Gozoaren hiriburu bihurtu da Tolosa

Ataria 2019ko urriaren 26a

Gazta tarta lehiaketan Maddi Zubeldiak irabazi du lehen saria eta Maialen Erizek bigarrena; Eceiza, Gorrotxategi, Gozona, Leioko-Gorosti eta Saizar gozotegietako gozogileekin batera, haurrek 5.000 erroskilla egin dituzte, gero, herritarren artean banatzeko.

31 gazta tarta aurkeztu dira gaur Tolosa Goxua azoka bereziaren barruan egin den lehiaketara eta Lourdes Rekondo, Imanol Zubelzu eta Armintz Gorrotxategi aritu dira epaimahaikide, Gozogile egun batez egitasmoan parte hartu duten hiru ikaslerekin batera. Lehen saria Maddi Zubeldiak eskuratu du eta 200 euroko ordainsaria izango du herriko gozotegietan erabiltzeko; 150 euroko bigarren ordainsaria, berriz, Maialen Erizek eraman du egin duen tartagatik.

Eceiza, Gorrotxategi, Gozona, Leioko-Gorosti eta Saizar gozotegietako gozogileekin batera hainbat gaztetxo egon dira goizean goizetik erroskillak egiten. Aurreikusitakoa baino gehiago egin dituzte eta azkenean herritarren artean 5.000 erroskilla banatu dituzte.

Trianguloa plazan 24 gozogileren postuak egon dira jarrita eta herritarrek mota guztietako gozo eta pastelak probatzeko aukera izan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!