«Parte hartzea da onena eta irabazten baduzu, noski, hobeto»

Irati Saizar 2019ko urr. 25a, 19:58

Tolosa Goxuan klasiko bihurtu da postre lehiaketa, eta baita Maritxu Astiasaranen parte hartzea ere; bihar ere ariko da gazta tarta lehiaketan.

Ia hutsik egin gabe parte hartu izan duzu.

Bai, urte bakarra galdu dut, duela bi urtekoa. Aurten ere han izango naiz, eta gaztarekin ari naiz probak egiten. Ea ondo ateratzen den.

Orain zain zaude norbaitek dastatzeko?

Bai. Bi tarta desberdin egin ditut, eta orain ikusi egin behar, etxekoek bietatik zein aukeratzen duten. Hori aurkeztuko dut lehiaketara.

Osagai desberdinekin egin dituzu biak?

Desberdinak baino gehiago, tartetako bat aldatu egin dut. Alaba epaimahai ona dut, eta hark esaten dit egindakoa ondo dagoen, edo zerbait aldatu behar ote zaion. Egin ditudan biak ezer gabe egin ditut, gelatinarik eta marmeladarik gabe. Gustuko ditut, baina gazta tarta asko daude egiteko, errezeta pila bat dut, eta aurtengorako aukeratu ditudan biek ez dute ez gelatinarik, ez marmeladarik.

Gazta, berriz, zapore handikoa ala suabegoa nahiago?

Suabea nahiago izaten dut, egia esan.

Oinarria ere garrantzitsua izaten da.

Bai, batzuek bizkotxoa, besteek gailetak,... Nik egin ditudanetako batek ez darama ezer oinarrian, eta besteak bizkotxoa darama.

Etxean dugun tresneria garrantzitsua al da, eskuez gain?

Bai, noski. Eta baita labea ere. Gazta tarta batzuk labekoak dira, eta besteak hozkailuan eduki behar izaten dira hainbat orduz.

Orain, orduan, zalantzan zaude lehiaketara zein aurkeztu.

[Barreak] Bai, alabaren eta anaiaren zain geratu beharko dut, ea zer esaten didaten. Oso postre zaleak dira, eta gustatzen zaie.

Zuk ere esku ona izango duzu sukaldean.

Tira... Gustatu egiten zait. Ez postreak bakarrik, bestelako jakiak prestatzea ere bai.

Zure etxean, orduan, otorduak ederrak izango dira.

Saiatzen naiz ustez gauza onak prestatzen.

Nondik datorkizu zaletasuna?

Ezkondu arte neskame egon nintzen, eta etxeetan ikasi egiten da beti. Egon nintzen azken etxean oso sukaldari onak ziren, eta postreak eta bestelako janariak prestatzen asko ikasi nuen han. Gero, telebistako sukaldaritza saioak ere beti ikusten saiatzen naiz, eta Karlos eta Eva Argiñanoren liburu asko dauzkat. Besterik ez dut erosiko, baina liburu horiek bai.

Postre bat egiterako garaian, liburua hartuta aritzen zara, ala zure kasa?

Ez, ni beti neurriekin pisuari begira aritzen naiz.

Goxuako lehiaketan tarta desberdinak egin behar izaten dira urtero?

Azken bizpahiru urteotan sagar tartak izan dira beti, eta lehenago ere hala izaten zen. Gogoan dut, lehenengo urtean, sagar tartazko sei anoa entregatu behar izan genituela, eta akats bat izan nuela: kremari azukrea botatzea ahaztu! A ze urduritasuna izango nuen. Eta, hurrengo urtean, tarta berbera aurkeztu eta irabazi egin nuen.

Irabazitakoa ere bazara, beraz.

Asko irabazi ditut, bai. Gazta eta sagar tartarenak, besoa, torradak, pastak, ... Zazpi edo zortzitan irabazi ditut lehen eta bigarren sariak.

Gazta tartarekin irabazitakoa zara, eta aurten ere gaztarena egin behar.

Bai, baina aurtengoa desberdin egingo dut, aldatzea gustatzen zaidalako. Parte hartzea da onena eta, irabazten baduzu, noski, hobeto.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!