XIX. mendeko errezeta bat berreskuratuta, erroskillak izango dira Tolosa Goxuako protagonista

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 22a, 15:00

Tolosako gozogileek eta alkateak elkarrekin aurkeztu dute, datorren larunbateko XXVI. Tolosa Goxua azoka berezia; 24 postu izango dira Trianguloa plazan.

Hogeitaseigarrenez hartuko du, Tolosak, udazkeneko azoka berezietan gozoena. Tolosa Goxua heldu da, berriz, eta Tolosako gozogileek eman dituzte aurtengoaren inguruko xehetasunak. Aranburu jauregian elkartu dira horretarako, eta ez da kasualitatea izan: aurtengo Goxuan erroskillak izango dira protagonista, Aranburu jauregiko artxiboan aurkitutako errezeta bat aitzakia hartuta.

Escolastica de Salazar Villafuerteseko kondesa Aranburu jauregian bizi izan zen eta, 1826 eta 1849 bitarteko bere idatzien artean, badira hainbat errezeta. Erroskillena da horietako bat, eta Raquel Ibañez gozogileak azaldu du, euskal gastronomiako zaharrenetarikoa dela: "Duela gutxi Euskadiko Artxibo Historikora eraman dituzte dokumentu horiek, eta istorioa ezagutarazteko momentu egokia iruditu zitzaigun Tolosa Goxua. Gainera, XIX. mendekoa eta gaur egungoa ia errezeta berberak dira, eta haurrekin egiteko oso erraza da".

Gozogintzaren kimu berriak

3.000 erroskilla prestatuko dituzte, azokan bertan, eguerdian herritarrei banatzeko. Izan ere, Goxuak bizpahiru urte daramatza bide pedagogikoak lantzen eta, Gozogile egun batez egitasmoaren barruan, Tolosako LH 4. mailako ikasleak bisitatu dituzte, egunotan, herriko gozogileek. Besteak beste, hamaiketako osasuntsuak prestatzen irakatsi diete, eta elikadura osasuntsua sustatzeko gakoak eman: "Horrez gain, haurrek gure lana eta gure lanerako produktuak gertutik ezagutzea garrantzitsua da, lehengai naturalak baliatzen ditugula ikusten dutelako, eta gozogintzari errespetuz begiratzen diotelako".

Horrela, beraz, 10:30etik aurrera, Eceiza, Gorrotxategi, Gozona, Leioko-Gorosti eta Saizar gozotegietako gozogileekin batera, haur tolosarrak ariko dira erroskillak prestatzen eta banatzen.

Etxean ere gozogile

Tolosa Goxua azoka bereziak bere-berea du Euskal Herriko nahiz kanpoko gozoak dastatzeko aukera, baina baita etxean gozogile trebe direnek beren talentua proban jartzea ere. Urteroko lehiaketak eskaintzen die horretarako aukera, eta aurten gazta tartarik onena egiten saiatu beharko dute parte hartzaileek. 09:30etik 10:30era bitarte, Trianguloan aurkeztu beharko dituzte tartak, eta epaimahaia 10:30ean hasiko da guztiak dastatzen.

Lan horretan ariko dira Eva Arguiñano, Lourdes Rekondo, Imanol Zubelzu eta Armintz Gorrotxategi, eta baita Gozogile egun batez egitasmoan parte hartu duten hiru ikasle ere. Behin erabakia hartuta, sari banaketa 11:45ean izango da, eta 200 eta 150 euroko ordainsaria jasoko dute lehen eta bigarren sailkatuek, Tolosako gozotegietan erabiltzeko; HAZIk parte hartzaile guztientzako saria izango du.

24 postu dastamen gozoenen neurrira

Erroskillen eta lehiaketaren gozoki papera izango dira, azoka bereziko postuak: guztira, 24. Gehienak Euskal Herriko gozogileenak izango dira, baina Errioxako, Kantabriako nahiz Burgosko gozogileak ere bertaratuko dira, beren produktuekin. Olatz Peon Tolosako alkateak erreferentetzat jo du Tolosa Goxua, eta herriko gozogileen ibilbidea nabarmenduz osatu du azokan parte hartzeko gonbidapena: "Herri gutxi izango dira, hain txikiak izanik, hainbeste gozogile dituztenak, eta hori belaunaldiz belaunaldi transmititzen jakin dutenak".

EGITARAUA

09:00-14:00. Azoka berezia Trianguloa plazan.
12:15. Tolosa Kantari.

Gozogile egun batez
10:15. Gozogileak ikasleekin elkartuko dira, Trianguloan.
10:30-12:15. Erroskillak prestatuko dituzte ikasle eta gozogileek.
12:15. Erroskillak banatuko dituzte.

Gazta tarta lehiaketa
09:30-10:30. Tartak lehiaketara aurkezteko denbora.
10:30-11:30. Epaimahaiak tartak dastatuko ditu.
11:45. Sari banaketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!