Euskara biziberritzeko ahala, edo nahia?

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 19a, 05:59

Urriaren 9an, XI. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin zuten Tolosan. Bertan bildu ziren dozenaka ikertzaile, dinamizatzaile eta eragile, Euskaraldiari buruzko ezagutza partekatu eta hausnarketarako deia luzatzeko. Norberaren konpromiso mailari eman nahi izan zioten garrantzia, hizkuntza gaitasunaren gainetik.

Euskararen biziberritzearekin loturiko soziolinguistikaz hausnartzeko, eztabaidatzeko, ezagutza partekatzeko eta esperientzia berriak proposatzeko plaza bilakatu zen, pasa den astean, Tolosako Topic zentroa. Soziolinguistika Klusterrak bertan burutu zuen Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren hamaikagarren edizioa. 2008an egin zen lehen edizioa, eta ordutik aurrera, urtero gai bat ardatz hartuta lantzen da topaketa. Batzuetan, erakusleiho izan ohi da, baina, beste batzuetan, beste eragile batzuekin antolatzen da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin elkarlanean antolatu zuten aurtengo saioa. Gainera, Tolosako Udalaren eta Euskaltzaleen Topagunearen babesa eta laguntza izan zuten jardunaldia antolatzeko. Euskara biziberritzeko ikergunea da Soziolinguistika Klusterra, eta horrela, soziolinguistikaren ezagutzaren premian dauden edo ezagutza hori sortzen duten eragile desberdinak bildu ziren Topic-en: unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak, hizkuntza, hezkuntza eta kultura arloko teknikari eta aholkulariak, euskalgintzako dinamizatzaile eta aktibistak, gizarte eragileak edota euskaltzaleak.

Euskaraldia izan zen aurtengo topaketarako aukeratu zuten gaia. Euskararen biziberritzeari begira martxan jarritako ekimen berritzailea eta zabala izan zen. Milaka herritarrek zuzenean parte hartu zuten, iazko udazkenean, hizkuntza-ohituretan eragiteko ariketa sozial erraldoian. Gainera, erakunde, elkarte, entitate eta batzorderen arteko elkarlanari esker izan zen posible ekimena. Emaitzak mahai gainean jarri eta hobekuntzarako ikasgaiak ateratzea zen helburua.

Horretarako, hiru hitzaldi eta tailerrak antolatu zituzten. Lehenik, Pello Jauregik eta Uxoa Anduagak, Euskaraldiaren gainean egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu zituzten. Bestetik, Gaindegiko, Ebeteko eta Soziolinguistika Klusterreko ordezkariek, Euskaraldiarekin gauzatutako beste ikerketa batzuen berri eman zuten. Azkenik, Euskaraldiaren ondorioen eta ikasgaien gaineko hiru begirada aurkeztu zituzten Paula Kasares, Josu Amezaga eta Garikoitz Goikoetxea adituek. Lantegietan, bestetik, hitzaldietan jasotako ideia edo ondorio interesgarrienak eta kezkagarrienak bildu zituzten, horien gainean hausnartu eta hurrengo edizioetarako erronkak zerrendatu aurretik.

Hizlaria gustura aritzearen garrantzia

«Aldaketa handiena gune erdaldunetan jasan du Euskaraldiak; txikiena, berriz, gune euskaldunetan». Ondorio horrekin abiatu zuen lehen hitzaldia, Peio Jauregi EHUko kideak. Eremuaren garrantzia ez ezik, adinarena ere aipatu zuen: «Adinean gora egin ahala, erabilera handiagoa zen Euskaraldiaren aurretik. Ariketa soziala gauzatu bitartean, alderantzizko joera eman da. Proportzioan, baina, ariketaren ondoren, zaharrenek gazteenek baino joera handiagoa izan dute euskararen erabilerari eusteko».

Jakina den moduan, bi rol desberdin aukeratu ahal zituzten herritarrek iazko Euskaraldian: Ahobizi edo Belarriprest. Bada, Ahobizi rola aukeratu zutenen %95a zen euskaldun osoa. Belarriprest izan zen herritarren %69a, berriz, euskaldun hartzailea izan zen. Hain justu, euskaldun hartzaileak izan dira aldaketa handiena jaso dutenak, bai Ahobizi izanda, baita Belarriprest izanda ere. «Rolak konpromiso mailarekin lotu behar dira, ez hizkuntza gaitasunarekin. Belarriprest izateak laguntza handia ematen dio pertsona bati bere hizkuntza ohituretan eragiteko».

Bestetik, elkarrizketei dagokionez, bi kasu azaldu zituzten ikertzaileek. Batetik, hizkuntza simetria, batak zein besteak euskaraz aritzeko ohitura dutenean ematen dena. Mekanismo horrek 9 puntu igo zen Belarriprest rola izan zutenetan, Euskaraldiak iraun bitartean (%68an zegoen aurretik, eta hamaika egun horietako datuen arabera, %77an kokatu zen). Hiru hilabete beranduagoko datuen arabera, ordea, behera egin zuen, %71n kokatuz. Bestetik, elkarrizketa elebidunez aritu ziren. Kasu honetan, herritarren artean ohitura handia izan zen euskaraz aritzeko, nahiz eta bietako batek euskaraz egiteko zailtasunak izan. Datu hori, ordea, 15 puntu jaitsi zen, gerora, Ahobizien artean, %78tik %63ra. Euskara erdizka edo ongi ulertzen zutenekin ere, euskaraz egiteko joera hartu zuten rol horretako herritarrek Euskaraldian.

Bi urrats aurrera, bat atzera

«Euskaraldiari esker, gizarte hitzarmenaren mekanismoa eta hizkuntza simetriarena aktibatzea lortu da», aitortu zuen Uxoa Anduaga Soziolinguistika Klusterreko kideak. «Txapa ikusita, euskaraz egiteko beharra sentitu zuten askok, baita solaskidearen hizkuntza berean (kasu honetan, euskaraz) erantzuteko beharra ere». Euskaraz aritzeko «konpromiso handiagoa» izan dela, eta horrek «gure hizkuntzari identitatea» eman diola gaineratu zuen. «Ekimenaren dimentsioa, gainera, oso egokia izan zen, eta erronka sentsazioa piztu zuen gizartean».

Hizkuntza praktikei dagokionez, «herritarrek ikuspegi errealistagoa» lortu dutela nabarmendu zuen. «Uste baino gutxiago egiten dugu euskaraz, nahiz eta ulertzen duen jende asko egon. Gainera, gaitasun mugatua dutenekin euskaraz jarduteko aurrerapausoak eman dira, baita elkarrizketa elebidunei luze eusteko eta euskaraz egiteko eskaera asertiboa egiteko ere».

Baina, datuetan eta Euskaraldiak egindako ekarpenetan zentratu ondoren, ariketa sozial erraldoiaren balorazio orokorrago bat azaldu zuten, indarguneetan eta ahulguneetan sakonduz. «Batetik, elkarlana, aniztasuna, errespetua eta praktikotasuna ekarri ditu, herritarren hizkuntza ohiturak aldatzeko baliagarria izan da, baita bi rolei esker hori sustatzeko ere, eta aurrerapausoak eman dira euskaraz ulertzen dutenekin. Bestalde, konpromisoa eta rolen egitekoa ongi zehaztu gabe geratu da, Belarriprestei balio sozial baxua eman zaielako, epea laburregia izan da, eta gainera, ez da aurrerapausorik eman euskaraz egiteko edo ulertzeko zailtasunak dituztenekin. Orokorrean, baina, balorazio positiboa egiten dugu, aurrerapausoak, txikiak badira ere, eman direlako».

Euskaraldiaren balorazioaren atzetik, ariketak utzitako zifrak zehaztu zituen Gaindegia Behategiko Imanol Esnaolak. Tolosaldearen kasuan, %20,9ko parte hartzea izan zen. Euskal Herri mailan, parte hartze handieneko eskualdeen artean, hirugarren postuan kokatu zen. Adinari erreparatuz gero, oro har, 15 eta 44 urte bitarteko tartea izan zen indartsuena; ahulena, berriz, 60 urtetik gorakoena. Gainera, generoari dagokionez, emakumezkoen parte hartzea handiagoa izan ziren. Euskal hiztunei dagokionez, Tolosaldean, %21,3ko parte hartzea izan zuten (Euskal Herriko 10. eskualdea).

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!