"Ulermenak ate gehiago ireki, eta erabilera indartuko luke"

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 18a, 16:32

Soziolinguistikarako gakoak Euskaraldian izeneko hitzaldia eskaini zuten, Topic-en, Elhuyarreko Helene Armentiak eta EHUko Zesar Martinezek. Euskaraldia hizkuntza-aktibazioaren ikuspegitik aztertuz gauzatu dute ikerketa zenbait herritan, eta jasotako balorazioak nahiz gogoetak plazaratu zituzten.

Datorren urteko udazkenean, bigarren aldiz egingo da Euskaraldia; ordurako, herritar bakoitzak erabakita izango du Ahobizi edo Belarriprest rola jokatuko duen. Ekimenaren atzean, ordea, bada ikusezina den lana egiten duen Soziolinguistika Klusterreko kideen multzo bat. Euskaraldia aurrera ateratzeko lan handiena egin zuten herritarrekin kontaktuan izan ziren Helene Armentia eta Zesar Martinez. Gainera, Gipuzkoako bost herritan (tartean, Ikaztegietan), Euskaraldia antolatu zutenen esperientziak bildu dituzte, eta beraien ikerketa lanean jasotzen diren gako nagusiez, lorpenez eta hobetu beharrekoez aritu ziren, pasa den astean.

Iazko Euskaraldia ekimenak zenbait datu baliagarri eman zituen. Zer nolakoak dira zuen ustez? Agian, behar baino Ahobizi gehiago izan ziren?

Helene Armentia.Guk burutu dugun ikerketan ez dugu horrenbeste landu Ahobizi eta Belarriprest rolak izan zituzten herritarren iritzia, Euskaraldia burutu zuten zenbait herrietako antolatzaileen iritziak bildu ditugulako. Horiekin azterketa kualitatibo bat egin dugu. Egia da, hala ere, zenbait daturekin bat datozela iritzi horiek. Agian ez genuen behar bezala transmititu bi rol horiek izan behar zuten jokabidea. Seguruenik hizkuntza gaitasunarekin lotu zen, baina, berez, norberaren errealitate soziolinguistikoarekin, errealitate pertsonalarekin eta aukerekin lotu beharko litzake. Belarriprest gehiagoren falta sumatu izana izan zen azterketa gauzatutako herrietan jasotako iritzi errepikatuena.

Zesar Martinez. Ez da ahaztu behar ekimena berria dela. Denek lehen aldiz parte hartu zutela, eta ondorioz, hobetu beharreko gauza ugari daude. Norberaren konpromiso eta jarrera mailan eragitea da garrantzitsuena, batez ere, puntu kezkagarri bat identifikatu dugulako. Hain zuzen, Belarriprest izan direnen rolak prestigioa galdu duela, edo bigarren maila batean geratu dela. Horregatik, beharbada, gehienek zailtasunak izan dituzte rol hori hartzeko. Aldiz, aurkeztu dizkiguten datuen arabera, aldaketa nabarmenena figura horien artean eman da. Oro har, modu positiboan baloratu behar da ekimena, baina zehaztasunetara joanda, bada zer hobetua alderdi guztietan.

Zein izan da, beraz, zuen egitekoa Euskaraldia bukatu berritan?

H.A. Lehen esan moduan, antolatzaileen iritziak jaso ditugu. Mantentzekoak eta hobetzekoak identifikatzen ahalegindu gara. Oso ondo baloratu da erakundeen arteko elkarlana. Arrakastatsua eta eraginkorra izan da batzuetan, konplizitate handia lortu delako eta lidergoa partekatu delako. Beste batzuetan, ordea, ez dira maila horretara heldu. Beraz, zenbait kasutan, elkarlana ez da hain eraginkorra izan. Bestetik, garrantzia handiagoa eman behar zaio antolaketa faseari, foko nagusia izen emate kopuruetan jarri gabe. Seguruenik, ikuspegia zabalduz gero, antolaketa on batek, arrakasta izateko aukera handiagoak emango ditu.

Gaurko saioetan nabarmendu den ideietako bat, elkarrizketa elebidunak izatearena da. Zuen ustez, zer nolako garrantzia dute horrelako solasaldiek Euskaraldiaren barruan nahiz ariketa horretatik kanpo?

Z.M. Garrantzi handia dute, jakina. Hizkuntza erabilerari dagokionez, elkarrizketetan bi jarrera izan daitezke. Alde batetik asertziozko jarrera dago, eta bestetik simetria edo enpatia. Azken hau, bi pertsonek hizkuntza bera hitz egiten dutenean ematen da. Bestalde, elkarrizketak elebidunak izan daitezke, bi hizkuntzetan funtzionatuz. Bata zein bestea, onuragarriak dira euskararen erabilera handitzeko. Argi eta garbi, gure kulturan, oraindik, bi hizkuntzetako solasaldiak izatearen joera hori eskasa da. Esan beharra dago, gaia bera ere ez dela asko landu. Gaztelaniaren, frantsesaren eta euskararen artean, distantzia linguistiko handia dago, gainera; horrek, elkarrizketa mota hauek zailtzen ditu. Gure ikerketaren ikuspegitik, nabarmena da Euskaraldia bezalako ekimen batek, giro sozial eta testuinguru sozial bat sortzen duela, non erraztasun, babes eta zilegitasun handiagoarekin ausartzen garen asertziozko jarrera nahiz simetrikoa izatera. Orain, hausnartzea eta lan egitea egokitzen zaigu, giro hori atseginagoa izan dadin.

Zuek aktibaziorako gakoak izeneko hitzaldia eskaini duzue. Zer da hitzaldi honetan azaldu duzuena eta zeintzuk dira aktibaziorako gako horiek?

Z.M. Euskaraldiaren aurretik, Soziolinguistika Klusterrean lanean batera aritzen garen erakundeak, 2015ean hasi ginen aktibaziorako gakoen inguruko azterketa desberdinak egiten. Azken azterketa, Euskaraldiaren bueltan egin dugu. Oro har, Topic-en egindako azterketan, lehendik egindako ikerketetan identifikatutako gakoak azaldu ditugu, eta gainera, Euskaraldiaren testuinguruan garrantzitsuak izan direla ere jakinarazi nahi izan dugu.

Bost gako nagusi azpimarratzen ditugu. Lehenik, herritarren aktibazioa lortzeko, tokian tokiko kezka edo behar sozial bati erantzun behar zaio; zenbait tokitan, behar sentitu bat izango da, baina beste eremu batzuetan beharrezkoa da kezka hori estimulatzea. Bestetik, talde eragilea edo ekimenaren lidergoa hartzen duen jende multzoa da beste gakoetako bat. Nolako osaketa eta nolako funtzionamendua duen aztertu beharra dago; talde horri, gainera, indar eta hedapen handiagoa lortzeko aukera ematen dio zenbat eta heterogeneoagoa, askotarikoagoa edota berriagoa (ordura arte elkarrekin jardun gabeko taldea) izatea. Baina, ez hori bakarrik. Kohesionatutako taldea ere izan behar da, eta beraz, hainbat erronka daude, funtzionamenduarekin lotuak: bilerak nola egiten diren, erabakiak hartzeko prozesuak nolakoak diren, lan egiteko estilo, kode eta erritmo desberdinak nola gestionatzen diren…

Baziren beste bi gako ere, Euskaraldiak bermatzen ez zituenak. Batetik, aktibaziorako proposamenean oinarri teoriko eta ideologiko landu bat egotea; hori ariketa sozialak berak ematen zuen, planteamendu sakon, zehatz eta argi batekin. Horrez gain, administrazioaren babesa zen beste gakoetako bat. Orain arte ez bezala, maila lokalean nahiz nazionalean babes hori eman da. Azken gakoa, berriz, talde motorraren funtzionamenduarekin lotutakoa da. Ezinbestekoa da aktibaziorako martxan jartzen diren espazioak eta egiturak, irekiak eta horizontalak izatea. Herritarrak bere ekarpena garrantzitsua dela, eta bere tokia baduela sentiarazi behar du.

Nola irudikatzen duzue datorren urteko Euskaraldia? Berrikuntza modura, entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera areagotzeko urrats zehatzak ematea bultzatuko duzue. Zergatik?

H.A. Joan den urteko ariketa ondo errotu bada, eta jarraipena ematen bazaio, rolen jokabidearen inguruko azalpenak ongi komunikatuta leudeke. Bestetik, berriz, entitateen figura dago. Entitateen barruan, lan mundua, merkataritza edota kirol elkarteak sartzen dira. Normalean, oraindik euskararen normalizaziotik kanpo dauden, edo behintzat hori lortzeko zailtasunak izan dituzten esparruak dira, eta horietara iristea nahi da. Beharbada, iazko Euskaraldiaren bultzada aprobetxatuta, denon artean saiatuko gara hori gauzatzen.

Norbanakotik kolektibora jauzi egin nahi da, beraz?

H.A. Kolektibora baino gehiago, antolatutako entitateetara esango nuke. Entitate horietan, gainera, oso garrantzitsua izango da norbanakoaren figura. Hala ere, lan-talde edo harreman-taldeak kontuan izan beharko dira. Ulermenari garrantzia handiagoa eman behar zaio. Orain arte, ezagutzan eta erabilera aktiboan jarri da indarra, baina ulermenak berak ate asko irekiko lituzke, eta erabilera indartuko luke.

Nola animatuko zenituzkete herritarrak Euskaraldian parte hartzera?

Z.M. Ariketa eta esperimentu sozial oso interesgarria da, probatzeko modukoa. Eguneroko praktika sozialetan norberak zer egin dezakeen ikusi behar du, etxean, lanean, merkatariekin, lagunekin… euskaraz egitera animatuz eta praktikotasuna landuz. Kanpoan ez geratzeko deia luzatuko nieke behintzat. Norberak bere alea ipintzeko aukera du, txikia ez den gauza batean, hizkuntza eta kultura bati segida ematen zaiolako. Gai hauek, maila handiagoan kokatu izan ditugu, ikuspegi ideologiko eta politikoengatik, eta beharbada, norberak egunerokoan egin dezakeena bigarren maila batean utzi du. Erabileraren inguruko erabaki hartze askea izatea ezinbestekoa iruditzen zait. Euskaraldiak horretarako aukera ematen digu, kasu gehienetan, pentsatzen dugunaren eta egiten dugunaren arteko koherentzia handiago bat bilatzeko, ez bakarka, baizik eta kidetasun sozial baten baitan. Gerora, norberak jakingo du zer nolako sentimenduak izan dituen ariketa horretan, baina seguruenik pozarekin eta asebetetzearekin egingo du topo.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!