Ideia batekin ireki eta itxi zen Euskara eta Feminismoa: bidegurutzea elkargunehitzaldi zikloko lehen saioa, asteartean, Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelen eskutik: euskalgintzak eta feminismoak erro bateragarriak dituzte.
Bost saiotik lehena hartu zuen Tolosako pleno areto beteak, eta Angela Davisen biografiako bizipen bat hizpidera ekarriz zabaldu zuten saioa hizlariek, argudiatzeko, hizkuntza komunikazio tresna bat baino askoz ere gehiago dela: «Hizkuntza posizionamendu sozial eta politiko bat da ».
Baieztapen horretatik abiatuta, azaldu zuten zapalkuntzak pilatu egiten direla, eta elkar elikatzen direla: «Euskal Herrian, lehen aldiz, iparraldeko emakumeek elkartu zituzten nazioeta emakumealdagaiak, beren proposamen politikoan; Euskal Emakumeak Beren Askatasunaren Alde taldeko kideak izan ziren».
Baina, zein garrantzi du zapalkuntza bat baino gehiago aldi berean gertatzen direla esateak eta haiek izendatzeak? Ikuspegi intersekzionala ekarri zuen, orduan, hizpidera, Idurre Eskisabelek: «Angela Davisek, 1981ean, Emakumeak, arraza eta klasealanean, hiru menderakuntza bildu zituen, eta guk uste dugu zilegi dela, berak arrazajarri zuen tokian, guk hizkuntzajartzea. Segur aski bizipen muturrekoagoak sortuko ditu arrazagatiko menderakuntzak, baina, azken finean, arraza ikusteko modu bat besterik ez da; hierarkia batean, komunitate bat azpiratzeko modu bat».
Horrela, beraz, «gertatzen diren zapalkuntza guztiak ikusteko eta horiekin elkarbizi ahal izateko» formula bat asmatzera deitu zuen Lorea Agirrek: «Denok baikara menderatu eta menderatzaile, momentuaren arabera. Bat izan daiteke menperatu linguistiko, baina genero menperatzaile, edo alderantziz. Menperakuntza horiei guztiei izena jarri eta kudeatu egin behar ditugu».
EUSKARAREN FEMINIZAZIOAZ
Euskal Herriko mugimendu feminista euskararen normalkuntzarako tresna nagusienetako bat da; hala baieztatu zuen Lorea Agirrek. Eta, datuek diote emakumeen eta euskararen arteko lotura ez dela kasualitatea: «Aspaldikoa da euskararen feminizazioa».
Datuak aipatu, eta eman: Euskaraldian, 10 parte hartzailetik 7 emakumeak ziren; Emakume Abertzaleen Batzari, 1920 inguruan, hizkuntzaren transmisio eta ezagutzaren ardura esleitu zioten; Elhuyarreko ikerketa baten arabera, euskaltegietan emakume gehiago aritzen da euskara ikasten; seme-alabak fidelagoak dira amak irakasten dien hizkuntzarekiko; nesken kuadrilletan, hizkuntza aldaketa askoz ere txikiagoa da, mutilen kuadrilletan baino.
Estatistika hutsez harago, datu horiek emakume eta gizonen gainean jartzen diren tasunez asko diotela uste dute Agirrek eta Eskisabelek, eta horregatik azpimarratu zuten, generoak «halabeharrez» eragiten duela hizkuntzan: «Neska eta mutil, txikitatik, segregatuta bizi garelako. Eta, euskarari eta emakumeok, gaitasun eta ez-gaitasun berak atxikitzen dizkigute: gu beti gara bestea, beti partikularraren patroia».
Banaketa hori egunero elikatzeko, bi hizlariek argi dute zein den boterearen tresna finena: naturalizazioa: «Sinetsarazten digute, euskaldun izan edo emakume izan, gure azpiratze egoera gure ezaugarri zehatz batzuengatik dela»
Horrenbestez, feminismoak bere praktiken ardatzean dituen jabetzea, ahalmentzea eta boteretzeari heldu, eta «bi borrokak aldi berean egiteko momentu ona» dela berretsi zuten.
Ez hori bakarrik: bide hori paraleloan egin ahal izateko gako batekin biribildu zuten saioa. «Feminismoak asmatu du, oinarrian identitate auzi bat zena, unibertsal bilakatzen; emakume izatea demokrazia eta justizia sozialaren terminoetara ekartzen, interpelazioaren bidez. Identifikatu eta izendatu egin ditu pribilegioak eta zapalkuntzak, esan dezagun: 'Ni hemen nago, zu hor zaudelako'. Bada, euskalgintzak ere hor bide interesgarria du egiteko: ez dadila soilik euskaldunon kontua izan».