EUSKARA ETA FEMINISMOA -Bidegurutzea elkargune-

Kasualitateak, begiak eta zilborrak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu, Tolosaldeko Asanblada Feministako kidea 2019ko urriaren 17a

Lagun erdi-psikologo batek beti esaten du, kasualitaterik ez dela existitzen. Eta sinetsi egin beharko diot azkenean.

Demagun, astea pasatu duzula Euskara eta Feminismoa jardunaldien bueltan lanean, Lorea Agirreri egindako elkarrizketa pikatzen eta txukuntzen, eta jardunaldien aurkezpen prentsaurrekoaz idazten. Beti ez da hala suertatzen, noski, gaiaren arabera izaten da; baina, kasu honetan, demagun buruko kezken errota martxan jarri dizula tematikak, eta astea eman duzula zapalkuntzez pentsatzen. Denok garela menderatu, baina baita menderatzaile ere.

Halako batean iristen da ostirala, nahiko azkar, eta, beste behin, pentsatzen duzu zein autosuntsitzailea izan daitekeen, bizitza asteburuaren zain pasatzea. Deliberazioz, beraz, ardo kopa batekin bizitza ospatzera abiatzen zara.

Eta orduan. Orduan iristen da kasualitatea, tabernan bat egiten baituzu, ardo kopa baten inguruan sekula inoiz lehenago batu ez zaren jendearekin. Hasten dira beren bilobez hizketan, eta esaten dute ez zutela halako eskola aukeratu, «beltza eta kanpotarra besterik» ez zegoelako. Zuk, zure artean, pentsatzen duzu aurpegian irakurri behar izan dizula mespretxuzko keinua.

Emakume hiztuna da, eta gero kontatzen du, txikia zenean, handien eskolara lekualdatu zela, eta ez zuela oso fin egin lehen Dictadoa, artean gaztelera bere bizitzan existitzen ez zelako. Iltzatuta geratu zaio, antza, euskaldun askori bezala

Tira, astearteko hitzaldian argi asko esan zuten: denok gara menderatu, eta denok menderatzaile. Lehen pausoa, akaso, egia hortaz jabetzeko begiak geure zilborretatik altxatzea izango da.

Erlazionatuak

Ataka ezin hobea, batera ekiteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2019 urr 17 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!