Estebania erraldoia aurkeztuko dute San Esteban auzoan

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urriaren 16a

Joan den urriaren 12an, Tolosako Herri Krosarekin abiarazi zuten, San Esteban auzoan, XXXII. kultur astea.

Asteburuko hitzorduak atzean utzita, bihar ekingo diote, berriz, egitarauari, eta aurtengoak badu hitzordu berezi-berezi bat: Estebania erraldoia aurkeztuko dute.

Auzolanean eraiki dute Estebania, eta Oihana Sanchez auzo elkarteko kideak azaldu du, San Esteban auzoko emakumeei omenaldi bat egiteko asmoa izan zela auzolanaren pizgarri: «Garai batean, gure auzoko emakumeak barazki eta esnekiak saltzera jaisten ziren herrira, eta horiek omendu nahi izan ditugu. Bizimodu hori galdu da eta, ondorioz, irudi hori ere bai. Gure seme-alabek ez dute hori ezagutuko eta, beraz, omenaldia egitearekin batera, ezagutza hori ere transmititu nahi genuke».

Zenbait hilabetez aritu dira lanean, josten zekitenek arropa josiz, eskulanetan trebe direnak burua eraikiz, eta iturgin zenbait erraldoiaren besoetarako materiala moldatuz.

Horrela, erraldoiaren aurkezpen ofiziala bihar, 19:00etako pintxo potean egingo duten arren, larunbateko krosean lehenengo irteeratxoa egin zuen Estebaniak, haur eta gaztetxoen gozamenerako.

San Esteban auzoko XXXII. kultur asteko egitarau osoa ikusgai dago www.ataria.eus -eko agendan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!