Ahuakate eta perretxikoz betetako talotxoak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2019ko urr. 11a, 13:00

Udazkeneko produktuak plater erraz eta gustagarri bat prestatzeko baliatu ditu, aste honetan, Aintzane Artolak.

Bi zatitan prestatu du platera, talotxoa alde batetik prestatuz, eta haren barruko betegarria bestetik. Errezeta erraza, eta familia osoak gustura dastatzekoa dela dio.

 

3o minututan afari goxo bat izan dezakegu errezeta honekin. Udazken loreekin prestaturikoa, hain zuzen ere.

Perretxikoak erabiliko ditugu, nire kasuan, shiitakeak erabili ditut. Urte guztian erabilgarri ditugunak direlako.

Tortitak

Tortitak egiteko gari irina, gatza eta legamia nahastuko ditugu. Legamia karratutxoan baldin badugu, eskuekin desegiten joango gara, eta gatza eta irinarekin nahastuko dugu eta gure orea egiten hasiko gara. Horretarako ur epel edo ia beroa botatzen joango gara, pixkanaka. Nahastuko dugu oreak masa itxura hartzen duen arte. Masa hau eskuetan itsaskor samarra izan behar da, baina moldagarria dena plastilina modukoa. Bolatxoak egingo ditugu 3 zentimetrokoak, gutxi gorabehera. Film batekin bildu eta bere horretan utziko ditugu, 30 bat minutuz, arnas hartuz.

Betegarria

Lehenik perretxikoak garbituko ditugu eta laminatan moztuko ditugu. Ondoren, baratxuria zuritu eta txiki-txiki moztuko dugu. Zartagin batean olioa berotzen jarriko dugu eta baratxuria eta perretxikoak botako ditugu. Hamar bat minutuz, gorritu arte eta perretxikoak samurrak egon arte. Gatza eta limoi zukua gehituko diogu. Su baxuan utziko dugu, berotasunean mantentzeko.

Ahuakate krema

Ahuakatea zuritu, moztu eta irabiagailuan sartuko dugu, limoi zorrotada eta gatz pixka batekin.

Dena bat

Tortitak egiteko, hasieran prestatutako masa kolpatuko dugu, zabaldu dadin taloekin bezala. Plantxa batean berotuko ditugu, bi aldeetatik. Ahuakate kremarekin bustiko ditugu ondoren, eta barruan perretxikoak sartuko ditugu. Azkenik, puntu kurruskagarria emateko arto frijitua gehituko diogu, mortero batekin txikituz gero, zoragarria litzateke. Dena bildu eta jateko prest!

OSAGARRIAK

TORTITAK EGITEKO

· 250 g. gari irina.

· 50 ml. oliba olioa.

· 150 ml. ur epela.

· Gatza.

· 2 g. legami.

BARRUKOA

· Oliba olioa.

· 200 gr. perretxiko -shiitakeak izan daitezke-.

· Baratxuria.

· Limoia.

· Perrexila.

· Ahuakatea.

· Arto frijitua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!