Asteazkenean epaituko dute Xabi Alonso, iruzur fiskala egotzita

Ataria 2019ko urriaren 6a

Bost urteko espetxealdia eta lau milioi euroko isuna eskatu ditu Fiskaltzak Alonsorentzat, Ogasun Publikoaren aurka ustez egindako hiru delitu leporatuta.

Datorren asteazkenean epaituko dute Xabi Alonso tolosarra, futbolari ohia eta Realaren bigarren taldeko egungo entrenatzailea, Madrilgo Probintzia-Auzitegian. Hiru delitu egotzi dizkiote Alonsori, 2010 eta 2012 urte bitartean Ogasun Publikoaren aurka ustez egindako iruzur fiskalagatik. 

Joan den urtarrilaren 22an epaiketa bertan behera utzi zuen Auzitegiak, Alonso epaitzeko eskumenak ote zituen ebatzi ahal izateko. Behin argituta, saioak zehaztu dituzte, eta datorren asteazkenean eta ostegunean izango dira. Bost urteko espetxealdia eta lau milioi euroko isuna eskatu ditu Fiskaltzak Alonsorentzat.

Futbolari ohiarekin batera, horren aholkularia eta kontseilari fiskala ere izango dira epailearen aurrean. Fiskaltzak zigor bera eskatu du bi horientzat. Gainera, hirurek 2.032.845 euro ordaintzeko eskatu du, Ogasun Publikoari ustez egindako kalteagatik.

Ogasunari ustez iruzurra egiteagatik futbolari ugari ikertu ditu dagoeneko Justiziak. Horien artean, Fiskaltzarekin akordiorik lotu ez eta errugabe dela defendatu duen bakarra da Alonso.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!