Abiatu dituzte San Migel jaiak Aldaban

Jon Miranda Labaien 2019ko irailaren 28a

Axun Zubeldia eta Maria Dolores Zabalak bota dute festen hasierako suziria eta auzotarrek esker ona adierazi diete, elizako martxa eramaten egiten duten lanagatik. Ondoren, txirrindulariak izan dira protagonista.

Aldabarako igoeran parte hartu dute 33 txirrindularik eta guztiek izan dute helmugan saria. Gizonezkoetan lehena, Telmo Belamendia beasaindarra izan da eta 12 minutu eta 5 segundoko denbora behar izan du Aldabara bitarteko bidea egiteko. Lehen emakumezkoa Maria Apalategi ikaztegietarra izan da, 17 minutu eta 56 segundoko denborarekin. Gazteetan lehena, 13 urteko Egoi Agirrezabala alegiarra izan da eta 16 minutu eta 35 segundoko denbora markatu du helmugan.

Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, zahagiardoa izango da Aldabako frontoian eta bingo jokoaren ondoren Elizagoien ahizpekin erromeria egingo dute. Bihar jarraituko du festak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!