Aldabatarrak San Migel festak hasi zain

Ataria 2019ko irailaren 26a

Larunbatean eta igandean ospatuko dituzte San Migel festak Tolosako Aldaba auzoan.

Uganeko festen ostean urtero iritsi ohi dira Aldabako San Migel festak. Familia eta lagunak elkartzeaz gain, auzotarrak elkartzeko aitzakia da. Asteburua borobilduz, bi egunetan bildu dute egitaraua. Festei hasiera emateko lehertuko den suziriarekin batera, txirrindulariak aldapan gora hasiko dira. Auzo kaskora bizikletan igo edo ez, zahagi ardoan elkartuko dira guztiak. Ondoren, hankak eta eskuak arin astintzeko beta izango da Elizagoien ahizpekin.

Igandean, dantza ikuskizunaz gozatzen hasi, tokan jokatu eta herri bazkarian eseriko dira auzotarrak. Bazkalostean, urtero hutsik egin gabe izaten den herri kirol saioa izango da, eta eguna Izer eta Alabier trikitilariek girotuko dute.

ALDABAKO SAN MIGEL FESTAK

Hilak 28, larunbata

17:30.Jaien hasiera, txupinazoarekin eta txirrindulari igoerarekin.

20:00. Zahagi ardoa.

23:00. Bingo jokoa.

Ondoren.Erromeria Elizagoien ahizpekin.

Hilak 29, igandea

11:30.Meza nagusia.

12:30.Alegiako Sutarri dantza taldeak dantza emanaldia eskainiko du.

13:30. Toka txapelketa.

14:00.Herri bazkaria (txartelak aurretik eskuratu beharko dira).

18:00. Herri kirolak. Aizkolariak: Asier Pellejero eta Luis Txapartegi. Harri-jasotzailea: Inaxio Perurena.

Oharra. Egunean zehar, Izer eta Alabier trikitilariek girotuko dute auzoa.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!