Mailari eusteko gogoz

Imanol Garcia Landa 2019ko ira. 20a, 19:57

Aurreko denboraldian mailari eutsi eta gero, aurtengoan ere helburu bera lortzeko gogoz egingo dute lan, Laskoraingoek.

Ez du hasiera gozoa izan, ligan, areto futboleko Laskoraingo lehen taldeak. Beste multzo batetik etorritako Guardo Deporcyl talde palentziarrak 8-0 irabazi dio lehen jardunaldian. «Aurreko denboraldian lehen hiru postuetan sailkatu zen bere multzoan, eta lehen partida beraien aurka izan dugu eta aurkari zaila izan da», esan du Beñat Balerdi Laskoraingo kapitainak. Atsedenaldira 5-0ko markagailuarekin joan ziren, eta, nahiz eta aukera batzuk izan, Laskorainek ez zuen golik sartu. Aurkariek, berriz, beren kalitatea erakutsi zuten atearen aurrean. Bigarren zatian atezain-jokalaria atera zuen Tolosako taldeak, baina alferrikakoa izan zen.

Aurreko urteko eskarmentua badute Bigarren B Mailan, eta badakite ez dela maila erraza. «Gu gazteak gara gehienak. Gogoa dugu jokatzeko eta hor segitzeko, eta mailan mantendu ahal izateko. Badakigu hasiera zaila dugula, bai lehenengo partida horrekin, eta baita orain datozen biekin ere, aurkari zailak direlako», esan du Balerdik. Aurreko denboraldian goiko postuetan ibili zen Tafallako taldea izango dute aurkari, asteburu honetan, eta hurrengoan Lauburu Ibarraren aurka dute derbia. «Hauek liga irabazteko lehia horretan ibiltzen dira. Badakigu zaila daukagula, baina partidaz partida joango gara, ahal dugun gehiena ematen, eta gogoz jarraituko dugu, ez gara behera etorriko», zehaztu du Balerdik.

Maila mantentzea lortu zuten aurreko denboraldian, eta oraingoan ere gauza bera egitea espero dute. «Aurten ere ilusio berarekin ariko gara. Dena ematera joango gara partida bakoitzean, behintzat guk dakiguna egiten saiatuko gara, eta ea mantentzea lortzen dugun aurten ere», gaineratu du kapitainak.

Etxean indartsu izateko nahia

Kanpoko partidetara ere irabaztera joaten direla dio Balerdik, «baina etxeko partidetan indartsuak izan nahi dugu, eta beti punturen bat lortu. Partida serioak egin nahi ditugu, eta ahal ditugun puntu gehienak eskuratu».

Taldean zenbait aldaketa izan dira, baina jokalari gehienek jarraitzen dutela nabarmendu du kapitainak. Taldea utzi dutenak Koldo Iriarte, Xabi Juaristi eta Aritz Lasa izan dira, eta aurpegi berriak, berriz, Asier Mujika, Odei Gartziarena eta Xabi Arranz. «Gazteak dira eta ilusioarekin etorri dira. Oso ondo egokitu dira, giro ederra dugu eta ea denon artean aurrera ateratzen dugun denboraldia», esan du Balerdik. «Lehen esan bezala, Bigarren B Maila gogorra da, eta iaz hori frogatuta geratu zen. Horrek ere tira egiten dituzu, ilusioa eta gogo sortuz talde indartsuen aurka jokatzeko».

LASKORAINGO PARTAIDEAK

Odei Gartziarena. Berastegi, 1998. Atezaina.

Aitor Narvarte. Tolosa, 2000. Atezaina.

Alex Ibañez. Tolosa, 1996. Atezaina.

Mikel Juaristi. Tolosa, 1999. Atzelaria.

Beñat Balerdi. Tolosa, 1993. Atzelaria.

Josu Iturralde. Tolosa, 1990. Hegalekoa.

Paul Rueda. Tolosa, 2000. Hegalekoa.

Iker Manso. Ibarra, 1990. Hegalekoa

Iker Gabarain. Tolosa, 1998. Hegalekoa.

Jon Ander Cuadrado. Tolosa, 2000. Hegalekoa.

Asier Mujika. Irura, 2001. Hegalekoa.

Beñat Ugartemendia. Berastegi, 1992. Hegalekoa.

Eñaut Vazquez. Ikaztegieta, 1990. Aurrelaria.

Xabier Arranz. Ibarra, 1998. Aurrelaria.

Haritz Zabala. Tolosa, 1995. Aurrelaria.

Narciso Pavo. Higuera de la Serena, 1965. Entrenatzailea.

Iñigo Gonzalez. Tolosa, 1987. Ordezkaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!