TAKEk garagardo zaleak aseko ditu, bosgarren urtez

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ira. 11a, 11:59

Bihartik igandera bitarte, 20 garagardo ezberdin dastatzeko aukera izango da Zerkausian. Egitaraua mantenduz, kamiseta berriak aterako dituzte aurten.

Hemen da Tolosako Garagardo Azoka. TAKEk antolatu du, bosgarren urtez jarraian, eta Zerkausian ospatuko da, urtero bezala. Bihar hasi eta igandera bitarte, era guztietako 20 garagardo ezberdin dastatzeko aukera izango da: arruntak, bereziak edota glutenik gabeak.

Uda aurretik hasten dira antolakuntza lanetan. Irailean, berriz, txandak antolatzeari ekiten diote. «Jokalarien gurasoak, lagunak, beste talde batzuetako kideak aritzen dira sukaldean nahiz barran», dio Amaia Iraola klubeko kideak. Saskibaloiaz deskonektatu eta elkarrekin beste zeregin batean aritzeko aukera eskaintzen die azokak. «Taldea egiteko balio du, elkarrekin lanean gabiltzalako. Ez da erraza, baina gustura egiten dugu».

Bosgarren urteurrena ospatzeko modukoa iruditu zaienez, kamiseta berriak aterako dituzte aurten. «Lehen urtean atera genituenen antzekoak izango dira, eta boluntario guztiei emango dizkiegu, ahalegina eskertzeko», dio Alain Rekondok. Berritasun gehiago ere izango dira, baina ez urteurrenagatik. Garagardoen kartan aldaketaren bat edo beste izango da. «Beti saiatzen gara aukera berriak eskaintzen, ez errepikatzeagatik».

Ostegunean eta igandean, 18:00etatik 00:00etara egongo da zabalik azoka. Ostiralean eta larunbatean, 02:00ak arte zabalduko dute, eta DJak izango dira bi egun horietan; ostiralean DJ Jotatxok girotuko du azoka; hurrengo egunean, berriz, DJ Bullek. Larunbatean, gainera, mus txapelketa jokatuko da Zerkausian, 16:00etan. Parte hartzeko, TAKEren Facebook orrialdeko galdeketa bete behar da, eta bikoteko 20 euro ordaindu behar dira. Sari desberdinak eskuratuko dituzte irabazleek. Horrez gain, azken asteetan, sare sozialen bitartez zenbait afari zozkatu dituzte, «jende gehiagorengana heldu nahian».

Jakiei dagokienez, bertako ekoizleen produktuak dastatzeko aukera izango da. Tartean, nobedade bat izango da. Okel hanburgesez gain, barazki hanburgesak ere izango dira eskuragarri. Garagardo upelak, berriz, kanpoko ekoizleei erosten dizkiete. 5.000 litro inguru eskatzen dituzte. «Iaz, inoizko salmentarik handiena izan zen. 4.500 litro saltzea lortu genuen. Gehien kontsumitzen dena, alkohol kopuru handiena duena izaten da, eta larunbaterako amaitzen da. Gainera, ireki gabeko upelak itzultzeko aukera dago. Urtero, gorantza doa salmenta; hala ere, zaila izango da iazko kopuruetara heltzea».

Erlazionatuak

Garagardoen karta eta prezioak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019 ira 11 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!