Elkartasuna, paladatan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ira. 9a, 11:32

Datorren larunbatean, hilak 14, VI. Elkartasun Estropada jokatuko dute, zortzi talderen artean; arraun lehiaz gain, urtero bezala, herri bazkaria eta musika doinuak ere izango dira. Festa horretan bildutako dirua alzheimerrari aurre egiten lan egiten duen eskualdeko Buru-Bihotzez elkartearentzat izango da.

Estropada bat jokatzen den bakoitzean, Tolosako Zerkausi inguruak ez du Kontxako badiaren itxurarik, ezta iraileko lehen bi igandeetan Donostiako portu inguruak hartzen duen kolorearen eta atmosferaren antzik ere. Baina, tolosarrek ez dute horren beharrik, lagunarteko lehia osasuntsu baterako.

Azken bost urteotan egin bezala, aurten ere, batelen arteko estropada ikusteko aukera izango da Oria ibaian. XX. mendean ere izaten ziren elkarteen arteko lehiak, baina, orain, beste norabide bat hartu du ekintza honek. Tolosako elkarteek festa eguna antolatu dute, elkartasun helburuz. Euren arteko topagune bat sortzen hasi ziren, eta ezinbestekoa iruditu zitzaien, urtero ondo pasatzeko hitzordu bat prestatzea. Horrela, beraz, datorren irailaren 14an, larunbata, VI. Elkartasun Estropada izango da, Oria ibaian.

Hainbat gaixotasun edo ezbeharrekin lan egiten duten elkarteak diruz laguntzeko antolatu izan dute festa eguna. Stop Sanfilippo, Afestta, Pausoka, Zutani eta Tolosaldea Sahararekin elkarteekin egin bezala, hilaren 14ko irabazi ekonomikoak Buru-Bihotzez elkarteari bideratuko dizkiote. Horretarako, San Esteban, Lizardi, Emendek, Udaberri, Batasuna, Txinparta, Oargi eta Aiz Orratz elkarteak ariko dira, arraunean nahiz antolakuntza lanetan. Iaz bezala, zortzi bateletatik bat, emakume arraunlariz osatutakoa izango da; hain zuzen, Udaberri taldearena. Hala ere, ez dira emakume bakarrak izango, eta beste batel batzuetan ere zenbait emakume ariko dira arraunean. Aipatzekoa da, urtetik urtera gero eta handiagoa dela emakumezkoen presentzia, eta hori da, hein batean, elkarteek lortu nahi dutena; datozen urteetan parekidetasun handiagoa izatea.

11:00etan hasiko den estropadan, azken urteetako sistema bera errepikatuko dute batelek. Zortzi talderen arteko lehia ikusi ahal izango da, beste hainbeste txandatan. Talde bakoitzak bi txanda jokatuko ditu, bakoitza estropada eremuko kale banatan; bina ziaboga egin beharko dituzte, eta talde beraren aurka neurtuko dituzte indarrak bi txandetan. Beraz, zortzi txanda izango dira guztira. Azkenik, bi txandetako denborak batuta, denborarik onena lortzen duten bi batelak ariko dira finalean.

Lehen txandan, Txinparta eta Aiz-Orratz elkarteak ariko dira nor baino nor. Bigarrenean, berriz, Emendek eta Oargi. Hirugarrenean, Batasuna eta San Esteban. Eta, laugarrenean, azkenik, Lizardi eta Udaberri.

Bazkari txartelak salgai

Uretan hasiko da elkartasun festa, baina jarraipena lehorrean izango du musika doinuekin. 12:30ean kalejira hasiko da Tolosako kaleetan barrena, Udaberri dantza taldeko fanfarrearen eskutik. Alde Zaharrean ibili ondoren, arraunlariak eta festazaleak Zerkausian elkartuko dira 14:00etan; herri bazkaria izango da bertan. Bazkalostean, musika doinuek jarraipena izango dute Zerkausian bertan.

Bazkari txartelak eskuragarri daude hilaren 12ra (datorren osteguna) bitarte, festa horretan parte hartzen duten edozein elkartetan, Buru-Bihotzez Elkartea barne, eta baita Tolosako Ikatza, 1990 eta Xare tabernetan ere. Helduek 15 euro ordaindu beharko dute; haurrek, berriz, 10 euro. Estropadak eta egunak ematen duena TOLOSALDEKO ATARIAren webgunean (www.ataria.eus) jarraitzeko aukera izango da.

Erakundeek ere, elkartasuna festari

Aurkezpen egunean, estropadan parte hartuko duten arraunlariak nahiz festa prestatzen aritu diren antolatzaileak izan ziren. Izaskun Jauregik, Tolosako Buru-Bihotzez Elkartearen izenean, eskerrak eman nahi izan zizkien parte hartzaile guztiei, «gure lana eta gure elkartea ikusgarri egiten laguntzeagatik». Ondoren, elkartearen inguruko azalpen labur batzuk eman zituen. «Jakitun gara, Tolosaldean 600 bat familiari eragiten diola alzheimerrak eta, beraz, lan handia dugu egiteko». Azkenik, Tolosa mailan lortu duten eragina eta zabalpena ikusita, eskualdeko beste herrietara heltzea ere nahi dutela aitortu zuen.

Udalaren izenean, Olatz Peon Tolosako alkateak ere esker oneko hitzak izan zituen, batez ere, Tolosako elkarteentzat. «Zuek herrira begira antolatzen dituzuen egitasmo guztiak, oso garrantzitsuak dira Tolosaren herri dinamikaren barruan». Gainera, elkarteen arteko VI. Elkartasun Estropada aintzat hartzeko moduko egitasmoa dela nabarmendu zuen: «Ekitaldi hau, festa hau, are garrantzitsuagoa da, bereziki, elkarte askok parte hartzen dutelako, eta guztiek bat egiten dutelako leku berean».

Bestetik, helburuari buruz ere mintzatu zen Peon. «Festa baten muinean helburu sozial bat izatea, pozgarria da. Beti ez da Tolosan errotutako elkarte bat izaten; aurten, ordea, bai. Buru-Bihotzez Elkarteak ibilbide luzea osatu du, eta, etorkizunera begira, helburu handiagoak dituzte». Amaitzeko, tolosarrak nahiz elkartearekin bat egin dezaketen herritarrak, festa erraldoiarekin bat egitera animatu nahi izan zituen: «Helburuak merezi du. Famili guztiek izango dute, seguruenik, gaixotasun honi aurre egin beharra. Beraz, gonbidatuta zaudete parte hartzera».

EGITARAUA

IRAILAK 14, LARUNBATA

11:00.Estropadak, Oria ibaian: San Esteban, Lizardi, Emendek, Udaberri, Batasuna, Txinparta, Oargi eta Aiz-Orratz.

Bitartean.Mokadutxo bat hartzeko aukera, Zerkausian. Pintxoa 1,5 euroren truke. Edaria, nahi adina.

12:30.Tolosako kaleetan barrena Udaberri dantza taldeko fanfarrearekin kalejira.

14:00.Zerkausian herri bazkaria.

Ondoren.Udaberri dantza taldeko fanfarreak girotuko du festa.

Erlazionatuak

Arraunlariak, txandak eta kaleak

Tolosaldeko Ataria 2019 ira 09 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!