Alzheimerra duten gaixoen eta ingurukoen bizi kalitatea hobetzeko

Erabiltzailearen aurpegia Buru-Bihotzez Elkartea 2019ko ira. 9a, 11:40

Urtebete da, alzheimer edo bestelako dementziak pairatzen dituzten Tolosaldeko gaixoen familiak biltzen hasi ginela, zaintzaile bezala egokitu zaigun bide gogorra besteekin partekatu, eta pertsona hauen eta zaintzaren ardura hartzen dugunon bizi kalitatea hobetzeko helburuz.

Jakitun gara bakardadea ez dela bidai lagun ona izaten, batez ere, dementzia bezalako gaitz larri bat aurrez aurre denean, are gehiago, gaixoari bakarrik eragiten ez dionean, familia osoari baizik. Horregatik, Buru-Bihotzez Elkartea sortzea erabaki genuen, inguruan gaitzaren eraginpean ditugun 600 bat familiarentzat erreferente sendo bat izateko. Norbera zaintzea besteak hobeto zaintzeko, aurrean dugun gaitzaren inguruko ezagutza zabaltzea, eta gaixoei arreta hobea eskaintzea, horiek dira gure oinarri nagusiak.

Gure lehen pausoa Elkarrekiko Laguntza Taldeasortzea izan zen, ezinbesteko funtzionamendu tresna gisa. Zaintzaile nahiz familiartekoak maiz elkartzen gara, eta egunerokoan sortzen diren kezka eta gorabeherak azaltzen dira, besteenak entzutearekin batera. Horrela, oreka emozional hobea lortzen dugu (ezinbestekoa gaixoak behar duen maitasuna eta poza transmititzeko) eta, bide batez, gaitzaren ezagutza teoriko eta praktikoa handitzen goaz talde bezala. Bestalde, epe ertainerako jarria dugun beste helburuetako bat litzateke eskualdeko hainbat herritan ere Elkarrekiko Laguntza Taldeaksortzea.

Aipamen berezia merezi dute era solidarioan eta eskuzabaltasunez gurekin lan egiten duten bi sendagileek, psikologoak eta Osakidetzak baimendutako gizarte langileak, arlo sozio-sanitarioa indartuz. Ezin aipatu gabe utzi Tolosako Inmakulada Lanbide Heziketa zentroaren eta Tolosaldeko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren kolaborazioa, guretzat berebiziko garrantzia duena, beraien eskutik etorri baitira zaintzaile eta familientzat antolatu diren doako bi formakuntza tailer. Bertan, 65 lagunetik gorako parte hartzea izan zen. Datu hori, arrakastatsua baino gehiago, eskualdean bizi dugun errealitatearen erakusgarri dela uste dugu, eta formakuntzaren beharra agerian uzten duena. Horrela bada, gauzatu genuen esperientzia pilotua garrantzi handikotzat jotzen dugu eta aipatutako bi ikastetxerekin dugun elkarlan iraunkorrak beste bi lantegiri bide emango die, hilabete honetan bertan.

Azkenik, aipatu nahi ditugu gure elkartea ezagutarazteko Tolosako kultur etxean proiektatutako dokumentala, Tolosako Zine Klubarekin batera Leidor aretoan erakutsitako filma (biak alzheimerarekin lotuak), eta hedabideetan elkarteko kideok egin ditugun zenbait elkarrizketa ere.

Bukatzeko, gure esker ona adierazi nahi dizuegu Tolosako elkarteen arteko elkartasun estropada antolatzen duzuenoi, egun honetan festaren partaide egin gaituzuelako; estimu handiz eskaintzen diguzuen laguntza ekonomikoa jasotzen dugulako, baina, batez ere, gure elkartea eskualdean ikusgarri egiteko ematen diguzuen laguntzagatik. Zalantzarik gabe, alzheimerra eta beste dementziak jotzen dituen eskualdeko familietara iristeko ahaleginetan jarraitzeko bultzada ematen diguzuelako.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!