Eman beharrean, egiten irakatsi

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko ira. 7a, 08:58

Madagaskarko natur baliabideak ustiatzeko proiektua da MADEEHI, energia berriztagarriak bertako egunerokoan txertatuz. Ondasun materialen gainetik, hezkuntza darabilte horretarako, eta Pello Aiestaran EHUko irakasle tolosarra bertan izan da, energia fotovoltaikoaren nondik norakoak azalduz.

Herrialdearen historia ezagutzea ezinbestekotzat du Pello Aiestaranek (Tolosa, 1957), Madagaskarko bizimodua pixka bat ulertzeko. Doktorea da Industria Ingeniaritzan, eta irakasle lanetan aritzen da EHUren Donostiako Ingeniaritza Eskolan. Joan den udaberrian jasotako proposamenari heldu, eta Madagaskarren izan zen, uztaila hasieran, MADEEHI proiektuko zenbait eskola eskaintzen; lan egonaldia amaitutakoan, familiarekin jarraitu zuen herrialdeko egoera bertatik bertara ezagutzeko gogoz.

Lankidetza proiektua da MADEEHI delakoa, eta frantsesezko akronimo batek osatzen du haren izenburua: ura, energia, etxebizitza, Madagaskar. Finean, energiaren, uraren, etxebizitzaren eta teknologia berrien gaitasuna indartu nahi dute, betiere, Madagaskarko testuinguru soziokulturala kontuan hartuta. Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolarekin batera, beste lau hezkuntza eragile ere ari dira MADEEHI egitasmoan: Université D' Antananarivo (Madagaskar), Institut Supérier de Technologie d'Antananarivo (Madagaskar), Université Paul Sabatier (Okzinatiako Tolosa) eta Université Liège (Belgika).

Horrela, prestakuntza da MADEHHIren zutabe nagusiena, eta unibertsitatetik gizartera jakintza horren transmisioa bermatzea izango da, proiektuaren benetako arrakasta. Bide horretan, ohiko laguntza humanitario ereduek badute hutsuneren bat edo beste, MADEEHIko zenbait kideren ustez: «Hiru irakasle eta Sylvain Baudoin koordinatzailea joan ginen hara. Baudoin Pauekoa (Frantzia) da, eta Baionan nahiz gure eskolan aritzen da irakasle. Bera elektrizitatea lantzen duen Gobernuz Kanpoko Erakunde bateko kide da; nik ez nekien halako GKErik bazenik ere, pentsa. Bada, Baudoin oso triste zegoen, etsita. Askotan entzun izan dugu, 'ez eman arrainik, irakatsi arrantzan' eta, hain justu, hutsune hori ikusten du berak. GKE batekin Madagaskar bezalako herrialde batera iritsi, eta gailu elektronikoak eta halako baliabideak ematen hasiz gero, jendeak ez daki haiekin zer egin, eta gauzak hartzera ohitzen direla dio berak, baina ez sortzera», azaldu du Pello Aiestaranek.

Autosufizientziara bidean, beraz, jendea prestatzea garatzeke dauden herrialdeak bultzatzeko mekanismo onena dela defendatzen du MADEEHIko lantaldeak: bertako unibertsitateko irakasleekin hasi, gero haiek ikasleei irakasteko, eta guztiak herrialdeko indar eragile izateko.

Ia ukitu gabeko altxorra

Madagaskarren petrolioa kanpotik erosiz lortzen dute, kontsumitzen duten energiaren %40; erosi, erre eta energia elektrikoa eskuratzen dute. Ordea, behinola frantziar kolonia izandakoa ia ustiatu gabeko altxorra da: Mozambikeko kanalaren eta Indiako ozeanoaren erdian, Betsiboka, Tsiribihina, Mangoky eta Onilahyi ibaiak arteriak dira, irlaren bihotzean. «Zentral hidroelektrikoak jarriko balituzte, geografikoki ur-jauzi asko dituztenez, behar duten energiaren hirukoitza» lortuko lukete; hala ere, hiriburuetan bakarrik dute argindarra. Baina, ezagutza sendoago baten faltarekin batera, Madagaskarren bada garapen jasangarriari oztopo egiten dion beste zerbait ere: ustelkeria.

Petrolioaren kasuan «eroskeria handia» dagoela azpimarratu du Aiestaranek: «80 balio duena 100 ordaindu, eta 20 horiek norbaiten poltsikora joango dira; ustelkeria instituzionalizatuta dago Madagaskarren eta, baliabide naturalak izanagatik, ez dute energia hori aprobetxatzeko dirurik eta azpiegiturarik erabiltzen». Toliarako unibertsitateraino kotxez eraman zuen taxi gidariarekin izandako elkarrizketa dakar gogora, ustelkeriaren harira: «Bera unibertsitateko ikaslea zen eta, aldi berean, taxi gidaria; gauza asko kontatu zizkidan bidean. Antza, ustelkeria erabat ezarrita dago han, eta piramidearen puntan daudenek diru asko bideratzen dute beren poltsikoetara. Bigarren mailan daudenek pixka bat gutxiago jasotzen dute, eta behekoei ez zaie ezer iristen. Baina, noski, hirugarren maila horretako guztiak zain daude noiz igoko, beraiek ere lapurretan hasteko. Berak zioen, oro har, ez dutela esfortzuaren kulturarik».

2017an, MADEEHI proiektuak berak ere jasan zuen ustelkeria horren eraginik: «Egitasmoa finantzatzeko lehen diru laguntza zuzenean Madagaskarrera helarazi zuten, Antananarivora, baina ia diru guztia bidean galdu zen». Orduz geroztik, Okzitaniako Tolosatik kudeatzen dituzte proiektua bideratzeko baliabide ekonomiko guztiak.

Hirixka Berdea, aldaketarako proba

MADEEHI Europar Batasuneko Eramus+ proiektuaren bitartez sustatutako ideia da, Madagaskarko, Frantziako, Belgikako eta Euskal Herriko unibertsitateen elkarlanaren bitartez. 2016ko urriaren 15ean ekin zioten lanari eta, berez, egitasmoak badu amaiera data ere: datorren urriaren 14a.

Ikasleak eta 18 irakasle proiektuko jakintza-esparruetan trebatzearekin batera, MADEEHIren lehentasun dira jakintza hori garatzeko ekipamendua eskuratzea, eta Madagaskarren hainbat sektoreren arteko eskualde-sare bat sortzea ere. Egitasmoaren harribitxia, ordea, bidean den proiektu pilotua izango da: Herrixka Berdea (Village Vert), energia fotovoltaikoan oinarrituta, energia berriztagarriekin funtzionatuko duen herrixka bat. Bertan, ikasitakoa eta diseinatutakoa praktikan jarri ahal izango dute madagaskartarrek, proposatutako irtenbideak benetako beharrekin aurrez aurre jarriz.

Hain justu, Hirixka Berdearen harira bidaiatu zuen Pello Aiestaranek haraino eta, hitzaldiez gain, workshopak edo lantegiak ere eskaini zituzten, energia berriztagarria martxan jartzeko ekipamendua erakutsiz. «EHUn ingeniaritzako 4. mailan irakasten dudan irakasgai baten edukia azaldu nuen han, bi orduko saioetan: Sistema elektronikoak energia bihurtze prozesuetan. Irakasgai horrek bi energia mota ditu oinarrian, fotovoltaikoa eta eolikoa, baina Madagaskarren interesgarriagoa da fotovoltaikoa, beraz, hor jarri nuen fokua».

Zehazkiago, panel fotovoltaikoen funtzionamenduaren nondik norakoak azaldu zituen Aiestaranek: «Nola instalatu; eguzki kantitatearen arabera, panel egokiena nola aukeratu, errendimendu ona izan dezan; panelen orientazio eta angelua zehaztu; panel finkoak edo eguzkiari jarraitzen diotenak daudela erakutsi. Eta, azkenik, panelek jasotzen duten energia erabili ahal izateko, zein elektronika behar den azaldu: korronte jarraitua lortzen dute, eta seinale jarraitu horretatik seinale sinusoidal batera pasatu behar da energia, gero etxeetan-eta erabili ahal izateko».

Aipatzekoa da, Madagaskarren badela energia eolikoa darabilen gune bat, iparraldean, Antsiranana hirian (frantsesez Diego Suarez). Itsasertzean dagoenez, haize-sorgailuek energia asko sortzen dute bertan, eta errentagarria da. Irlaren gainerako lekuetarako, dena den, energia fotovoltaikoa lehenestea da egokiena: «Lau panel behar baldin badituzu, lau jar ditzakezu, eta hamabi behar baldin badituzu, hamabi. Beharraren arabera moldatzeko aukera eskaintzen du eta, alde horretatik, malguagoa da».

Nola gaurkotu bizibide tradizionalak

Nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi dira madagaskartar gehienak. Zebua da hango ohiko ganadua, eta oso animalia maitatua da bertan; Madagaskarko banderan ere bada zebu bat. Gainera, aberastasunaren seinaletzat dute zebuak izatea: «Gure gidariari galdetu nion, jakin-minez, ea zenbat balio ote zuen zebu batek, han aberastasuntzat zer duten kalkulatzeko. Bada, 150 euro inguruko prezioa du zebu batek».

Abereak bizibide dira madagaskartar askorentzat, baina ez hori bakarrik. Irlan bada, oraindik, gizartea poligamiaren arauen arabera antolatzen duten etnia bat, Ranohiran: «Poligamian bizi ahal izateko, gizonek aberastasuna behar dute, eta aberastasun hori zebutan neurtzen dute. Norbaitek zebu asko baldin baditu, eskubidea du bi, hiru edo lau emazte izateko. Emakume bakoitza etxe independente batean bizi da, baina guztiak inguruan daude», azaldu du Pello Aiestaranek.

Deigarria suerta liteke, ia gehienean argindarrik gabe eta ur edangarririk gabe bizi den herrialde batek lau unibertsitate izatea. Madagaskarrek badu goi-mailako hezkuntza eskaintzeko modurik, eta baditu hezkuntza hori jasotzen duten ikasleak ere, hainbat diziplinatan. Kontrara, ordea, herrialdea ez da garatzen gehien behar duen bideetan; katea eten egiten da punturen batean.

Pello Aiestaranek bi ikasle mota sailkatu ditu, Madagaskarko unibertsitate ikasleen artean: «Ikasle onak direnek aukera izaten dute Okzitaniako Tolosan beren ikasketekin jarraitzeko, master bat eginez eta, gero, beharbada, doktore tesia ere bai. Ederra litzateke, hori guztia egin, eta gero, eskuratutako jakintza horrekin guztiarekin, Madagaskarrera itzultzea». Batzuk itzultzen direla dio, baina beste askok bizimodu berri bati ekiten diote Europan: «Bizi kalitate hobea ezagutzen dute, eta beren ibilbide profesionala garatzeko aukera gehiago ere bai, beraz, asko Frantzian geratzen dira».

Errealitate hori iraultzeko ahaleginetan ari dira, bai madagaskartarrak, baita MADEEHI proiektuko kideak ere, baina, Pello Aiestaranen ustez, urteek eta belaunaldiek pasatu beharko dute, energia berriztagarrien esparruan transmisio hori gertatu, eta herrialdean egonkortzeko: «Taxi gidariak zioen, deskonexio moduko bat dagoela arlo teknikoan. Finantza edo zuzenbide arloan, adibidez, jendea ondo prestatuta irteten da unibertsitatetik, gero enpresa batean hasten dira eta enpresan eskarmentua hartzen dute eta, horrela, ikasitako hori beren egunerokoan baliatzen dute; zirkulua itxi egiten da, nolabait. Diziplina teknikoetan, aldiz, ez da horrelakorik gertatzen, eta bertakoek argi dute zergatik den: ikasi eta landutako teoria hori praktikan jartzeko aukerarik ez dutelako. Kosta egiten da jakintza hori herriraino helaraztea, beraz, zergatik mozten da kate hori? Ustelkerian jarraitu nahi izanda ere, ez diot zentzurik ikusten herri askotara energia eraman ahal izateko sistemak diruz ez babesteari».

Proiektuari jarraipena, itsasoz

Uztailean Madagaskar bisitatu eta bertako egoera ezagutu zuenez geroztik, MADEEHI egitasmoaz harago irlako herritarrei laguntzeko bideak bilatzen ari da Pello Aiestaran, Tolosatik. Besteak beste, Donostiako ingeniari eskolan zaharkituta dagoen ekipamendua bildu du, Madagaskarrera bidaltzeko asmoz: «Osziloskopikoak, seinale sorgailuak, polimetroak, PLCak,... Ekipamendu elektronikoa, finean».

Proiektuak, ordea, erabili du aurrekontu ia guztia, eta 150 kilo Madagaskarrera helarazteko bideen bila ari da orain: «Irailean beste hiru lankide doazenez, pentsatzen ari gara materiala haien maletetan bidaltzea. Ez genuke dena bidaliko, baina, gutxienez, 40 kilo inguru bai. Bilbotik Madagaskarrera itsasontziz 150 kilo bidaltzearen kostua zein izango litzatekeen ere galdetu dut eta, izugarrizko kostua ez baldin badu, prest nengoke bidalketa nik neuk ordaintzeko».

Erlazionatuak

Argazki bat Madagaskarri

Itzea Urkizu Arsuaga 2019 ira 07 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!