Argazki bat Madagaskarri

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko ira. 7a, 08:59

Kolonia frantziarra izandakoa da Madagaskar. Afrikako irlarik handiena, eta munduko laugarren handiena. Duela zenbait mende kontinenteari lotuta omen zegoen, baina, banatzeak mesede handia egin dio Madagaskarko biodibertsitateari: munduan bakarrak diren espezie asko bizi dira bertan, besteak beste, lemureak eta baobab zuhaitzak.

Gaur egun, madagaskartarren bizi kalitatea baxua da, irlaren lurralde gehienean. Ekoturismoa eta nekazaritza dituzte garapenerako gako eta, horiekin batera, hezkuntzan, osasunean eta enpresa pribatuan izandako inbertsio hazkuntza. Ordea, ahalegin horien onurak ez dira parekidetasunez heltzen herrialdeko toki guztietara, eta klase desberdintasuna nabaria da.

Malgaxea da Madagaskarko lehen hizkuntza, eta frantsesa bigarrena. Beti hala izan ez bada ere, gaur egun haur guztiek bi hizkuntzak ikasten dituzte eskolan. Gentilizioen erabilerari dagokionez, berriz, nahiz eta frantziarrek malgatxe deitzen dieten, haiek mespretxuzko deituratzat dute hori, eta beren burua malgasytzat jotzen dute guztiek.

Erlijioari dagokionez, berriz, sinesmen handiko lurraldea da, oro har. Gehienak kristauak dira, %80 inguru; %15 musulmanak dira, eta ateoak %5 inguru dira. Kristau horien guztien artean, ordea, hainbat mota daude: katolikoak, protestanteak, kalbinistak, luteranoak nahiz adbentistak.

Azken hamarkadetan giro politiko nahasia izan du Madagaskarrek, eta erregimen nahiz presidente aldaketa asko izan dituzte. 1960an Frantziarekiko independentzia erabatekoa lortuta, errepublika ezarri zen irlan. 1975ean, ordea, Didier Ratsiraka militarrak estatu kolpea eman, eta agintea hartu zuen. Atzerakada handia ekarri zuen herrialdean, hainbat aspektutan, eta baita tentsioa sortu ere, bere aginte-modu gogorragatik. Horrela, beste zenbait presidentek karguaren lekukoa hartu bazioten ere, Ratsirakak 1997an berriro jaso zuen herritarren babesa, 2001 bitarte.

Urte hartan, Marc Ravalomananak gehiengo osoz irabazi zituen hauteskundeak, Ratsirakaren gobernuari iruzurra eta ustelkeria egotzita eta, urtebetera, gerra pizteko zorian izan zen Madagaskar Ravalomananaren eta Ratsirakaren arteko tentsioak eraginda. Nazioarteko zenbait gobernuk esku hartu zuten gatazkan, tartean Frantziak, eta, Ravalomanana presidentetzat ofizialki aitortuta, erbestera alde egin behar izan zuen Ratsirakak.

Ravalomananaren aginteak hazkunde ekonomiko handia ekarri zion Madagaskarri, baina 2009an hari ere heldu zitzaion herritarren protesta garaia eta, Andry Rajoelina Antananarivoko alkateak gidatuta, autokrazia eta ustelkeria egotzi zioten orduko presidenteari. Kaleko protestetan 170 pertsona baino gehiago hil ziren eta, estatu kolpetzat jotako mugimedu batekin, Rajoelinak presidentetza hartu zuen, 35 urterekin. 2014an aurkari politiko batek boto gehiago jaso bazituen ere, haren ustelkeriarako joerak haserrea piztu zuen madagaskartarren artean, eta 2018ko abenduan Rajoelina atera zen, berriro, presidente.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!