Madrilera joateko aukera Topic zentroaren eskutik

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ira. 6a, 11:57

'Sana-Sana' izenburupean, Txotxongiloen Nazioarteko I. Jardunaldiak ospatuko dituzte Valle-Inclan antzokian

2019a urte berezia izaten ari da Tolosako TOPIC zentroarentzat. Txotxongiloen museoak hamar urte betetzen ditu aurten eta, urtemuga berezia ospatzeko, zenbait ekitaldi antolatzen dihardu Euskal Herria plazan kokatutako eraikinean. Datorren asteburuan, ordea, bertako ordezkariak, Espainiako hiriburura bertaratuko dira. Izan ere, irailaren 12tik 14ra bitarte, Madrilgo Valle-Inclan antzokian, Txotxongiloen Nazioarteko I. Jardunaldiak ospatuko dituzte. Topic zentroko kideak gonbidatuak izan dira, Sana-Sana izeneko topaketa horretara.

Nazioarteko Dramatika Zentroak (CDN), osasunerako eta hezkuntzarako tresna sozial moduan aurkeztu du Sana-Sana izeneko topaketa berria. Jaialdia Osasun Publikoaren Zuzendaritza Orokorrak, Gizarte Ongizateko Ministerioak eta Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak elkarlanean antolatu dute, eta Desgaitasunari buruzko Errege-Patronatuaren eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren laguntza izan dute.

Jardunaldi horien helburua txotxongiloekin egiten den lanari ikusgarritasuna ematea da, gizartean, hezkuntzan, osasunean eta arte mailan dituen aplikazio ezberdinekin. Euskal Herriko, Txileko, Erresuma Batuko, Italiako, Ameriketako Estatu Batuetako, Hegoafrikako, Argentinako, Espainiako eta Indiako profesionalen hitzaldi eta mahai-inguruen bitartez, sektoreko artista eszenikoen arteko topaleku izan nahi du, kultura praktikatu edo kontsumitu ondoren objektu-antzerkira eta bere potentzialtasunera hurbiltzeko. Ostiraletik larunbatera bitarte, 09:45etatik 14:00etara, eta 16:30etatik 19:00etara izango dira saioak.

Solasaldien artean, Topic zentroko pedagogia arduraduna eta bertako tailer gehienen bultzatzailea den Karmele Cruz tolosarrak, El TOPIC y su labor educativa: titeres, desarrollo y herramientas actuales izenekoa eskainiko du, irailaren 14an, 10:00etatik hasita. Ordubete inguru iraungo du eta, batez ere, txotxongiloek duten indarraz eta hezkuntza arloan lortu duten garrantziaz arituko da Cruz. Horretarako, Topicen bertan garatutako hainbat proiekturen adibideak erakutsi eta azalduko dizkiete bertaratzen direnei. Gainera, egun tresna garrantzitsua bihurtu den urrutiko hezkuntzaren fenomenoa erabiliz burututako proiektuei ere keinu bat egin nahi die tolosarrak saio horretan.

Saio guztietara joatea doakoa da, baina aldez aurretik eman behar da izena, www.topictolosa.com-en. Webgune horren bitartez topaketaren egutegiaren, eta bertan izango diren hitzaldien eta adituen inguruko informazio osagarria ere aurki daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!