Oraindik zabalik da izen ematea Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolan

Tolosaldeko Ataria 2019ko ira. 5a, 10:10

Bete gabe geratu diren plazetan matrikulatzeko aukera dute musika ikasgaiak jaso nahi dituzten herritarrek.

Tolosako Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolan, irailaren 9an, datorren astelehenean, ekingo diete 2019-2020 ikasturteko eskolei. Oraindik, ordea, bertan matrikulatu nahi duenak badu aukera, plaza batzuk bete gabe daudelako.

Lau adin-tartetan banatuta, edozein herritarrentzako moduko ikastaroak eskaintzen dituzte musika eskolan. Batetik, lehenengo zikloko ikasleek (4 urtetik 6 urtera bitarteko haurrek), jolasen eta kantuen bitartez, entzumena nahiz erritmoa lantzeko aukera dute. Bestetik, bigarren ziklokoek (8 urtetik aurrerako haurrak), instrumenturen bat jotzen ikasteko, musika hizkuntza lantzeko edota talde nahiz abesbatza baten parte izateko aukera dute. Horiez gain, 7 urtetik gorakoek, musika irakurri eta instrumentuak ezagutzeko aukera dute, Aurre-hasiera deituriko zikloaren bitartez. Azkenik, helduentzako ere bada eskaintzarik. Izan ere, 18 urte baino gehiago dituzten herritarrek, musika hizkuntzan trebatzeko, instrumenturen bat jotzen ikasteko edota koru edo talde baten kide izateko aukera dute, gaztetxoen moduan.

ESKAERA EGITEKO AUKERAK

Musika eskolan, pasa den ikasturtea amaitu baino lehen hasi ziren aurtengoa planifikatzen, eta matrikulazio epeak zabaltzen. Orain, arestian aipatu moduan, zenbait plaza hutsik geratu dira. Horiek, zuzenean esleituko dira, musika eskolan bertan eskatu ahala. Kontuan hartzekoa da beherapenak ere badaudela familia ugarientzat.

Izena emateko interesa dutenek, informazio eskaera zein tramiteak Musika Eskolan egin beharko dituzte, astelehenetik ostiralera (10:00-13:00). Zalantzak argitzeko, 943 65 15 93 telefonora deitu, eskolara bertaratu (Rondilla kalea, 34 B) edo musika@tolosa.eus-era mezua bidali daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!