Hasi da boleibolaren festa

Irati Urdalleta 2019ko ira. 4a, 09:25

Boleibola izango da Tolosako Plaza Berriko protagonista irailaren 7ra bitarte. Hain zuzen, bertan jokatuko da X. Hondartzako Boleibol Txapelketa, Tolobolei taldeak antolatuta.

Irailarekin batera, Tolosan eta inguruan sona hartu duen hitzorduetako baten txanda ere iritsi da: Hondartzako Boleibol Txapelketa. Aurten, hamargarren aldiz jokatuko da, Tolobolei taldeak antolatuta.

Irailaren 7ra arte, hondartzaren itxura izango du Plaza Berriak. Izan ere, txapelketa bertan jokatuko denez, hondarra bota dute, baita boleibol kantxa jarri ere.

Atzo arratsaldean hasi zen lehia, eta The Nest eta Iturri taldeen artekoa izan zen lehen partida. 14 eta 21 irabazi zuen Iturrik. Bigarren, berriz, Babes eta Eguzkik jokatu zuten eta Eguzkik lortu zuen garaipena, 21 eta 10. Hirugarren partidan, Dickens Pool eta Bidebide lehiatu ziren, eta azken horientzat izan zen garaipena, Dickens Pool 21 eta 16 menperatuta. Hortik aurrera, lehiak ez du etenik izango larunbatera arte.

Eguraldia lagun, jende dezente hurbildu zen, norgehiagokak ikustera.

Aurtengoa hamargarren urteurrena izanda, umeek ere izango dute beraientzako tartea, hain zuzen ere, ostiral arratsaldean. Orduan jokatuko da haurren arteko txapelketa, 18:00etatik 20:00etara.

Ostiral gauean, helduek jarraituko dute eta larunbatean, egun osoan zehar, talde guztiek jokatzeko aukera izango dute. Larunbat arratsaldean amaituko da festa afariarekin eta ondorengo ospakizunarekin.

Plazara sartzea doakoa izango da eta afarira joateko asmoa dutenek ahal bezain laster ordaindu behar dutela gogorarazi dute.

PARTE HARTZE HANDIA

Guztira, 32 talde daude izena emanda lehiaketan parte hartzeko. Bakoitzak lau parte hartzaile izango ditu, beraz, 230 kirolari inguru arituko dira lehian, eta talde guztiak emakumez eta gizonez osatuta egongo dira.

Tolobolei elkartetik adierazi dutenez, urtetik urtera arrakasta handiagoa edukitzen ari den txapelketa da.

Hori berresten dute jokatuko diren partida kopuruaren datuek ere. Hain zuzen ere, guztira, 144 boleibol partida ikusteko aukera egongo da Plaza Berrian. Zehazki, hamabost minutuko iraupena izango duten 112 norgehiagoka jokatuko dira ostiralera arte iraungo duen sailkapen fasean. Larunbatean, 10:00 hasiko dira final-hamaseirenak. 14:00etan, berriz, final-zortzirenen txanda izango da. Horko irabazleek final-laurdenak jokatzen hasiko dira, 16:0etatik aurrera. Bi final-aurrekoak, aldiz, 17:00etan eta 17:30ean jokatuko dira. Azkenean, 18:30ean iritsiko da txapelketako unerik garrantzitsuenetakoa: finala. Aldiz, 3. eta 4. postuak norentzat izango diren erabakiko duen partida ordu erdi lehenago jokatuko dute.

GARAIPENA EZ DA HELBURUA

Toloboleitik diotenez, boleibola ezagutaraztea, kirola herrira ateratzea eta hura sustatzea dira txapelketa honekin lortu nahi dituzten helburuak. Gainera, boleibola, kirola eta giro ona faltako ez diren egunetan, Tolosako Plaza Berrira gerturatzeko gonbita egin dute bertako kideek. Larunbatera arte, egongo da horretarako aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!