Usabal kiroldegiko ikastaroetan izena emateko epea zabaldu dute

Ataria 2019ko abuztuaren 21a

Ikasturte berria irailean hasiko da, eta dagoeneko zabalik dago ikastaroetako eskaintzan izena emateko epea. Irailaren 2tik 6ra kirol ludoteka zerbitzua eskainiko da haurrentzat.

Tolosako Usabal kiroldegia prest da dagoeneko ikasturte berriari ekiteko. Ikastaroen eskaintza kaleratzeaz gain, bazkideek izena emateko aukera zabalik dagoela adierazi dute; bazkide ez direnek irailaren 11ra arte itxaron beharko dute. 

Ikasturte berria irailaren 23an hasiko da eta ikastaroren batean izena ematea pentsatua duenak, kiroldegira gerturatzea besterik ez du izango. Bazkide direnek, gainera, telefonoz, web orriaren bitartez edota Facebooken bidez ere egin dezakete.

Iaz bezala, behin ikastaroren batean izena emanda, ikasturte osorako lekua gordeta geratuko da, berriz apuntatzen ibili gabe; hala ere, hiruhileko bakoitzaren amaieran jarraitu nahi ez duenak baja emateko aukera izango du, eta ordainketa ere hiru hilabetez behin egingo da.

Berrikuntza

Irailean ere kirol ludoteka zerbitzua eskainiko dute Usabal kiroldegian, estreinakoz, etxeko txikienentzat. Irailaren 2tik 6ra kirol ezberdinak probatzeko aukera izango dute, eta bazkari zerbitzua ere eskainiko da. 09:00etatik 14:00etara izango da ludoteka zerbitzua eta 14:00etatik 15:00etara bazkaria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!