Motorzale tolosar bat hilik eta beste bat zaurituta, istripuz

Ataria 2019ko abuztuaren 14a

Bart gertatu da ezbeharra, Olaberria parean, A-636 errepidean.

22:15 aldera izan zen atzo istripua, N-1 errepideak eta A-636 errepideak bat egiten duten lekuan, Donostiako noranzkoan. Ibilgailua KTM Duke motor bat zen: errepidetik irten zen eta trafiko seinale bat jo zuen gero. Ezbeharraren ondorioz, motorrean zihoan gizonezkoetako bat, 51 urteko tolosarra, hilik suertatu zen momentuan; beste bidaiaria, berriz, 50 urteko gizonezko tolosarra, zaurituta eraman zuten Donostia Ospitalera, pronostiko erreserbatuarekin.

Behin heriotza berretsi eta epailearen egitekoak amaituta, gorpua Donostiako Auzitegiko Medikuen Zerbitzura eraman zuten, dagokion autopsia martxan jartzeko. Bitartean, polizia istripua eragin ahal izan zuten arrazoiak ikertzen ari da.

Istripuaren ondorioz, trafikoa itxita izan zen puntu horretan, errepidea erabat garbitu zuten arte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!