Astakatasun eguna antolatu dute, larunbaterako, Ezpala gaztetxean

Tolosaldeko Ataria 2019ko abu. 5a, 09:33

Ezpala gaztetxeak eta Nabarraldek elkarlanean ondu dute hitzordua; solasaldia, liburu aurkezpena, film emankizuna, bazkaria eta musika izango dira egitarauan.

Tolosako Ezpala gaztetxeak Askatasun eguna hartuko du, datorren larunbatean, hilak 10. Nabarralderekin elkarlanean prestatu dute hitzordua eta, bide horretan, Euskal Herriaren historiaren zenbait gakok hartuko dute protagonismoa, egitarauan barrena.

Orreaga. La chanson de Roland dokumentalaren emankizunarekin ekingo diote egunari, eta ondoren Gipuzkoako historia nafarra liburuaren aurkezpena izango da, Beñi Agirrerekin solasaldian. Arratsaldean, berriz, Asisko Urmeneta marrazkilariak Aztihitza liburua aurkeztuko du.

Tartean izango da bazkaria, eta kantuz lagundua, gainera; txartelak Tolosako Amaiur tabernan daude eskuragarri, 12 euroan. Iluntze-gauean, berriz, musikak biribilduko du Askatasun eguna, Galtzagorriak, Jah Goikoeta eta Reggae Zaharra eta talde sorpresa baten eskutik.

Ikusi egitaraua hemen:

Irailaren 3an, epaiketa

Gaztetxea sortzeko eraikina okupatu izanagatik, datorren irailaren 3an epaiketa izango da. Uztaila amaieran salaketaren jakinarazpena jaso zuen Tolosako Gazte Asanbladako kide batek, eta asanbladak segituan gaitzetsi zuen deialdia, herritarrei gaztetxeko ateak zabalduz.

Tolosako Gazte Asanbladak bigarrenez okupatu zuen, apirilean, Izaskunera igoeran dagoen lantegia izandakoa eta, asanbladako kideen arabera "jabearekin negoziatzen" saiatu baziren ere, ez dute akordiorik lortu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!