Tolosako Gazte Asanbladak pasa den urteko abenduan okupatu zuen Izaskunerako igoeran dagoen lantegi zahar bat, eta bertan kokatu zuen Ezpala gaztetxea. Bada, ia hiru aste igaro zirenean Ertzaintzak hustu egin zuen eraikina. Apirilean, ordea, bigarrenez okupatu zuten eraikina. Okupatu zuten egun berean, ertzainak identifikazio eske agertu ziren arren, Tolosako Gazte Asanbladako kideek bertan jarraitu dute. Eraikinaren jabearekin «harremanetan jarri eta negoziazio mahai bat irekitzeko asmoa» zuten, baina, salaketa iritsi zaie jabearen eskutik, eta irailaren 3an izango da epaiketa.
Gazte asanbladako kideek diotenez, duela lau hilabete inguru batu zen Ezpala «gaztetxeen loraldira». «Hainbeste denbora eta gero, Tolosako asanbladako kideok lortu genuen gure, zein beste hainbat eragileen jardunbidea aurrera eramateko langileon kontrolpeko gune izango zen gaztetxea okupatzea». Okupaturiko eraikina «urte luzez hutsik» egon dela zehaztu dute, «inolako funtzionamendurik gabe». «Tolosako gazte langileok, ordea, sekulako bizitza eman diogu Ezpalari zein herriari hilabete hauetan. Jasandako errepresioa, hala nola, identifikazioak edota uraren mozketa ez dira aitzakia izan Ezpala bizirik mantentzeko», esan dute.
Hala, azken hilabeteetako jarduna nabarmendu dute: «Langileok gure jarduna aurrera eramateko gune eroso bilakatu nahian egindako lana, eta oraindik egiteko dagoena, auzolanen bitartez. Hainbat gaitasun bereganatzeaz gain, elkarrengandik ikasteko tartea izan dugu, eta hitzaldi, kontzertu, tailer edota bertso saioek ere izan dute bere tokia Ezpalan; lan egiteaz harago, aisialdia elkarbanatzeko tartea ere izan baitugu».
Martxan jarri dituzten dinamiken artean Langileen Nazioarteko Eguna eta Borroka Astea azpimarratu dituzte: «Immobilismotik ekintzailetasunera igaro gara, eta Tolosak erakutsi du bere potentzialitatea». Horrekin batera, jasotako elkartasuna ere gogoan izan dute gazte asanbladako kideek: «Ezin dugu aipatu gabe utzi beste herrietatik jaso dugun elkartasuna edota Errakiko kideek eskainitako laguntza, klase elkartasunaz dena baita posible. Ederra izan da hilabete hauetan zehar ikasi, bizi eta jaso dugun guztia».
UDAL HAUTESKUNDEEN OSTEAN
Bigarrenez okupatu zutenetik, hainbat aste igaro direnean izan dute asanbladako kideek eraikinaren jabearen salaketaren berri. «Lehen asteetan ez genuen gure etsaiaren berririk jaso; ez genuen jabearen edota herria errepresentatzen duen botere burgesaren berririk jaso. Ezpalako kideok bagenekien, ordea, noiz edo noiz izango genuela beraien berri».
Hain justu, udal hauteskundeen ondorengo egunean iritsi zitzaion asanbladako kide bati epaiketarako hitzordua zehazten duen eskutitza, eta hori euren ustez, «ez da kasualitatea»: «Itxuraz, jabeak eraikina okupaturiko egun berean jarri zuen salaketa, eta maiatzaren 27an iritsi zen, Ezpalako kideok okupatu eta hilabete beranduago. Beraz, ez da kasualitatea hauteskundeen ondorengo egunean iristea eskutitza, jakina baita interes zehatzak zeudela atzetik».
Irailaren 3rako zehazten du Tolosako Gazte Asanbladako kidearen aurkako epaiketa. Ordura arte zein ordutik aurrera Ezpala «arriskuan» egon arren, argi dute Ezpalak «bizirik» jarraituko duela, «tinko eta indartsu». «Edozein mekanismo errepresibo jarriko dituzte martxan, baina ez gaituzte indargabeturik utziko. Bitartean, aho betez aldarrikatzen dugu, ez diogula utziko botere burgesari gehiago gainjartzen eta sutsuki babestuko dugula geurea den espazioa», esan du Tolosako Gazte Asanbladak. Hala, Ezpalara hurbiltzeko deia egin diete herritarrei, «gure auzolan zein dinamikek ez baitute etenik izango».