Batak ezkutatu, besteak erakutsi

Irati Saizar Artola 2019ko uztailaren 12a

Iazko urrian 25 egun pasa zituen Teheranen (Iran) Ura Iturralde argazkilari tolosarrak. Turismoa beste baterako utzita, asmo zehatzekin egin zuen bidaia: LGTBIQ+ komunitatearen egoera ezagutu nahi zuen eta hari buruzko argazki erreportaje bat egin.

Espero ez zuen errealitate batekin egin zuen topo, eta harridura hartatik abiatuta, komunitatea osatzen duten hainbat gazteren eguneroko bizitza iruditan jaso zuen. Irudi horietatik sei aukeratu ditu eta Iran Ezkutua erakusketa jarri du Tolosako Gernikako Arbolan. Erakusketa, Tolosako Udaleko berdintasun sailaren, kultura sailaren eta Fotopop produkzioaren laguntzaz jarri du, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira.

Gaur bertan, bisita gidatua egingo du Gernikako Arbolan, 19:00etatik aurrera. Banan-banan, argazki bakoitzean agertzen diren gazteen istorioak kontatuko ditu eta argazkia egiteko uneak zein egoerak azalduko ditu. Bigarren bisita gidatu bat ere egingo du: erakusketa amaitzen den egunean, irailaren 6an izango da, 19:00etan. Ez da beharrezkoa izena ematea.

Irango Errepublika Islamiarrean transexualitatea erabat onartua dago. Thailandiaren ondoren, sexu aldaketarako ebakuntza gehien egiten diren herrialdea da. Gobernuak berak ordaintzen du ebakuntzaren gastuaren zati bat. Onartuta ez dagoena, ordea, ebakuntzarik egiten ez duena da, horretarako beharrik sentitzen ez duena; pertsona hori, ordea, ez da legalki onartua. Homosexualitatea, bestalde, guztiz ilegala da, zenbait kasuetan heriotza zigorra aplikatu daiteke.

Bizimodu horretatik ihes egin nahian, «ezkutuan» ateratako argazkiak dira. Iranek ezkutatu egin nahi ditu, baina Tolosa erakustera dator.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!