«Iranen transexualitatea onartuta dago, betiere ebakuntza egiten bada»

Irati Saizar Artola 2019ko uzt. 12a, 12:00

LGTBI komunitateren inguruko argazki erreportajea egitera Iranera joan zen iazko urrian Ura Iturralde (Tolosa, 1979). Bertako errealitatearekin topo egin eta lehen pertsonan ezagutu du komunitatearen egoera.

Nolatan piztu zitzaizun Iranera joateko gogoa?

Oso gogoan dut erabakia hartu nuen eguna. Nik asko irakurtzen dut, eta ez dakit zehazki non izan zen, baina gogoratzen naiz irakurri nuela Thailandiaren ondoren, Iran zela sexu aldaketarako ebakuntza gehien egiten dituen herrialdea. Guztiz legala zela transexualitatea eta gobernuak ordaintzen dituela ebakuntzak. Bazirudien paradisua izan zitekeela transexualentzat. Baina nik banekien homosexualitatea heriotza zigorra izan zitekeela zenbait kasutan. Orduan, hain polita iruditu zitzaidan irakurritakoa, ez nuela sinistu. Beraz, hara joan eta galdetzea erabaki nuen.

Eta hara iristean zer bilatu zenuen?

Errealitate bat justu kontrakoa. Transexualitatea bai dagoela onartua, betiere ebakuntza egiten bada, ordea. Bestela ez. Nik han egin ditudan lagunek ez dute ebakuntzarik egin nahi, ez dute hortik pasa nahi. Ilegalitate batean geratzen dira, non inork ez dituen onartzen, ez familian, ezta kalean ere. Gaixotasun bat bezala ikusia dago, ebakuntzarekin soilik senda daitekeena.

Bestela, pertsona horiek ez dira onartuak gizartean.

Pentsa, nik esaten badut gizona naizela, baina genital femeninoak ditudala, eta gainera emakumeak gustatzen zaizkidala, gizartearentzat emakume lesbiana bat naiz, eta hainbat kasutan heriotza zigorra izan daiteke.

Errealitate horrekin topo egin aurretik kontakturen bat eginda joan zinen?

Bai, aurrez kontaktu bat neukan, eta hara iristean ezetz esan zidan, beldurra sartu zitzaiola eta. Orduan, hango jendea laguntzen hasi zitzaidan, baina zenbaitetan gehiegi eta guzti. Instagramen anuntzioak jartzen hasi ziren eta poliziaren beldur izan nintzen. Iranen moralaren polizia dago kalean, erne; kalean ezin da dantza egin, ezin da abestu, zapia buruan ondo eramaten duzun edo ez begiratzen du... gauza horiek kontrolatzen ditu. Ez zitzaigun ezer pasa, baina ezkutuan ibili behar izan genuen.



Eta nola lortu zenuen argazki horiek egitea?

Azkenean, lagunaren lagunei esanda eta ahoz aho, oso argazki intimoak egin ditut. Gehienbat beraien etxeetan eta egin ditut. Nik beraien egunerokotasuna jarraitu nuen, ez nuen ezer aztoratu nahi. Unibertsitatetik ateratzean kafetegi batera joaten ziren eta nik lagundu egiten nituen, arte galeriaren batera joaten zirenean ere haiekin nindoan. Batzuk aurpegia eman dute, eta oso ausartak izan dira. Nahita egin dute, aktibismoagatik.

Arriskurik ez dute sentitu?

Aurpegia eman dutenek ez dute beldurrik izan. Badaude, ordea, beste argazki batzuk homosexualak ageri direnak. Horiek aurpegia estalita nahi izan dute.

Egoerari buelta emateko indartsu ikusten dituzu?

Ez daukate aukerarik aurre egiteko, ezin dute kalean protestarik ere egin. Niri kontatzea asko izan da, eta pentsatu dute, gutxienez, nire herrian jabetu daitezela nola dauden. Orain, Trumpen zigorrekin eta, oso nekatuta daude asko. Gazteak dira eta herrialdetik irten egin nahi dute askok. Lagun batek lortu zuen alde egitea eta Thailandian bizi da egun. Besteek gobernu aldaketa bat nahi dute, edo bestela, handik irten nahi dute. Izan ere, geroz eta gauza gehiago ari dira galarazten: adibidez, orain hilabete batzuk txakurrak paseatzea galarazi zuten Teheranen.

Egin dituzun kontaktu guztiak gazteak dira?

Bai, guztiak. 19 eta 25 urte bitartekoak dira. Behin festa batera gonbidatu ninduten. Han festak pribatuak dira: etxeetan egiten dira, musika ezin dute altu jarri, bestela polizia baitator. Alkohola ere erabat debekatuta dago Iranen, eta festa hartan, merkatu beltzean erositako alkohola zuten, ez zekiten zer edaten ari ziren ere. Gogoan dut, leihotik begira egoteko eskatu zidatela, polizia edo ikusten banuen abisatu ahal izateko. Festa ere beldurrez egiten dute.



25 egun egin zenituen. Nahikoa izan zen errealitatea ezagutzeko?

Ez, asko geratzen zait oraindik ezagutzeko eta ahal dudanean berriro joango naiz.

Ez duzu baztertzen berriro bueltatzeko ideia?

Ez, ez. Nik uste, gainera, ahal dudan guztietan bueltatuko naizela. Oso erraza da bidaiatzeko; jendea oso atsegina da, turismoa egiteko ere zoragarria iruditzen zait.

Zer ikasita etorri zara handik?

Oso arraroa da dena, eta kontraste pila bat dauzka. Adibidez, ni gehien harritu ninduena zen, homosexualitatea heriotza zigorra izan daitekeela, baina, esate baterako, Teheran erdian parke bat dago eta gay guztiak han elkartzen dira. Ni hara joan nintzen, eta halaxe zen, denak ziren gizonezkoak, guztiak zeuden binaka, bankuetan eserita. Eta polizia zegoen bertan.

Nola da posible hori?

Nik uste poliziak kontrolatuta eduki nahi dituela. Beraz, parke horretan hitz egiten soilik egoten dira. Shock moduko bat izan zen niretzat. Horrez gain, bidaia egin aurretik bakarrik ez joateko esaten zidaten, arriskutsua izan zitekeelakoan. Eta esan dezaket ez dela arriskutsua. Polizia asko ibiltzen da kaleetan, bai moralaren polizia, baina baita polizia sekretua ere. Eta hein batean, horregatik ez nituen atera argazki asko. Zeren, ikusten baninduten, azalpenak ematen hasi beharko nuen, eta ez nuen nahi.

Maletan zenbat argazki kamara eraman dituzu?

Bakarra eta txikia. Bidaiatzerakoan iruditzen zait ez dudala atentziorik eman behar. Kamera txikia poltsikoan sartzen dut, eta ordenagailurik ere ez dut eramaten, turista arrunt bat bezala joaten naiz. Gainera, jendeari argazkiak ateratzeko ere iruditzen zait kamara handiagoa eramanda beldurtu edo kikildu egiten dituzula.

Zenbat argazki atera dituzu gutxi gorabehera?

Zehazki ez naiz gogoratzen. Argazkiak ondo pentsatuta daude, eta gutxi izan dira. Geroz eta gutxiago ateratzen ditut, izan ere geroz eta gehiago pentsatzen dut argazkia atera baino lehen. Lehen, 1000 argazkirekin etortzen banintzen, orain 80rekin etortzen naiz.

Eta horietatik sei erakusketan jarri dituzu.

Bai, lehendabizi, Barakaldoko Baffest jaialdian jarri nituen ikusgai, eta ondoren, Tolosara ekartzea erabaki nuen. Guztira sei argazki daude erakusketan, baina nire web orrialdean dago erreportaje osoa ikusgai; denera, 25 argazki dira.

Erlazionatuak

Batak ezkutatu, besteak erakutsi

Irati Saizar Artola 2019 uzt 12 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!