Denboran atzera egin du Tolosak

Irati Urdalleta 2019ko ekainaren 30a

I. moto eta kotxe klasikoen topaketa izan da Tolosan. Egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izan dute parte hartzaileek.

Tolosako Euskal Herria plazak hainbat hamarkada atzera egin duela dirudi, I. moto eta kotxe klasikoen topaketaren ondorioz. Bertan elkartu dira dozenaka parte hartzaile eta jakin-minez inguratu diren hainbat herritar.

Goizeko 10:30erako dena prest zegoen, eta Joseba Mendizabal antolatzailearen hitzetan, 30 kotxetik gora eta 40 moto inguru elkartu dira. "Kotxe guztiek 45 urte baino gehiago dauzkate eta 1913ko bat eta 1915eko beste bat dauzkagu baita 20. eta 30. hamarkadakoak ere".

Mendizabalentzat ez da horrelako topaketa bat antolatzen duen lehen aldia. Izan ere, aurreko urtean Zizurkilen ere egin zuten. "Tolosan, lehen Vespa eta Lanbrettena egiten zen, baina aurten kotxeak eta beste moto klasikoak ere sartu ditugu".

Egun osoko egitaraua izan dute aukeran. Hain zuzen ere, 10:30ean Euskal Herria plazatik atera eta Alegiatik Ordiziara joan dira, Larraitzera igo eta Amezketara jaitsi dira eta han hamaiketako egin dute. Handik berriro plazara itzuli dira, eta bazkaldu ondoren, kotxe eta moto politenari sariak emango zaizkie eta 18:30ean kontzertua egongo da. Beraz, oraindik badago festarako aukera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!