Blues doinuen magian

Irati Saizar Artola 2019ko eka. 28a, 15:56

Sanjoanetako ajea oraindik kendu ezinik duenak, badu festarako berriro nahikoa aukera. Atzo hasi eta igandera bitarte, Tolosandblues jaialdia ari dira ospatzen Tolosan, hamabosgarrenez. Sei taldek osatzen dute aurtengo kartela, eta gaurtik igandera arte zazpi kontzertu eskainiko dituzte.

TALDE BAKOITZAREN SOSLAIA

San Joan Jaien erreleboa konturatzerako iritsi da Tolosara. Atzo hasi zen Tolosandblues jaialdiaren 15. edizioa, eta Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat blues musikari ospetsu Tolosako kale eta txokoetan dabiltza, euren dohainak erakusten.

Sei talde eta zortzi kontzertu, lau egunetan. Aurtengo izarra Mitch Kashmar harmonika jotzaile estatubatuarra izango da, antolatzaileen arabera. Bi kontzertu eskainiko ditu, gainera, bidaia aprobetxatuz. Lehena bihar izango da, 22:30ean, Plaza Berrian, eta bigarrena igandean eskainiko du, 20:00etan, Txurrerian.

Noa Voll Damn & The Hell Drinkers taldeak eman zion hasiera Tolosanblues jaialdiari, atzo iluntzean. Maria Luisa Agirre Doktorearen plazako goxotasunak blues zale mordoa bildu zuen Ainhoa Egiguren abeslari donostiarraren doinu klasikoak entzutera.

Tolosaren kultur agendan, jaialdi hau erreferente bilakatu dela gogoan izan zuen Olatz Peon Tolosako alkateak jaialdiaren aurkezpenean: «Gure kultur eskaintzaren ikur bilakatu den jaialdi hau, egonkortzen doa urtez urte. Saiatzen gara programazioa gorena izaten, eta horretarako, inplikazioa eta lanaz gain, baliabide gehiago jarri dira aurten jaialdiaren osaketarako».

2012an abiatutako formatua mantendu dute, aurten ere: Tolosako plaza ezberdinetan entzuteko aukera izan da eta izango da. Euskal Herria plaza, Lopez Mendizabal plaza edo Plaza Berritik hasi, eta Maria Luisa Agirre Doktorearen plaza edota Ilargi, Saikin, Txurreria edo Solana tabernak bezalako gune txikiagoak hartuko ditu jaialdiak. «Oso interesgarria da espazio txiki eta handien artean lortu den oreka», esan zuen alkateak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!