"Aldaketa bat baino gehiago eboluzio bat eduki du jaialdiak"

Irati Saizar Artola 2019ko eka. 28a, 15:42

Blues doinuak Tolosan entzuten diren hamabosgarren aldia da aurtengoa, eta Iñigo Martin tolosarrak urte horiek guztiak daramatza antolatze lanetan.

Hamabost urte hauetan zertan aldatu da jaialdia?

Aldaketa baino gehiago eboluzio bat egon da, bai programazio aldetik eta baita entzuleen aldetik ere. Geroz eta jende gehiago animatzen da kontzertuetara eta erantzun hobea du gaur egun.

Lehen edizio hartan espero zenuten hamabosgarren bat ospatzera iritsiko zinetenik?

Ezta pentsatu ere. Are gutxiago kontuan hartuta lehen edizio haietan ze jende gutxi zetorren. Oraindik jaialdia finkatu gabe zegoen, eta jendeak ez zekien oso ondo zer zen musika mota hau. Gero, urteak pasa ahala, jendeak ezagutu egin du.

Urtez urte programazioaren maila ere igo egin da?

Hasieran publikoarentzat guztiz ezezagunak ziren taldeak ekartzen genituen, nahiz eta oso onak izan. Gero, aukera izan dugu ezagunagoak ekartzeko, eta jaialdiari izena eta prestigioa ematen dizkioten taldeak ekartzeko gai izan gara.

Nola egiten duzue taldeen aukeraketa?

Lehenik eta behin, jendearen gustukoak izan daitezkeen taldeak identifikatzen ditugu, eta ondoren, taldeak data horietan libre ote dauden begiratzen dugu.

Blues doinuen barruan, estilo aldetik ere aukera zabala dago?

Musika bera mundu bat da eta bluesak berak adar asko ditu. Aukeratzerakoan saiatzen gara ahalik eta konpletoenak ekartzen.

Musikari ospetsu askok zapaldu dute Tolosa?

Bai, dudarik gabe. 2008an, adibidez, Little Charlie & The Nigthcats izan genituen. 2014an, Duke Robillard; 2016an, Shakura S'Aida eta askoz gehiago. Mundu mailan oso ezagunak diren taldeak izan ditugu. Hori guretzako luxu bat da.

Aurten zein nabarmenduko zenuke?

Dudarik gabe, Mitch Kashmar harmonika jotzaile estatubatuarra. Badira lau edo bost urte bere atzetik gabiltzala, eta azkenean, Kordobako harmonika jotzaile baten bidez jarri ginen harremanetan.

Noiz hasten zarete guztia antolatzen?

Normalean iraila aldera hasten gara zirriborro moduko bat egiten, nor etor daitekeen pentsatzen. Jaialdian zortzi talde inguruk parte hartzen badute, hasierako zerrenda 20-25 taldekoa izaten da. Aurrekontuak koadratzea da hurrengo pausoa. Azken ukituak urtarrila-otsaila aldera ematen dizkiogu.

Zein lan talde dago jaialdi honen atzean?

Hiru lagun aritzen gara: Jokin Ansorena, Anjel Alonso eta hirurok. Gero, udalak laguntzen gaitu, aurrekontuaren zati batekin. Horiez gian, tabernariei ere asko eskertu beharrean gaude.

Hamabost urte hauetan jaialdiaren formatua mantendu duzue?

Ez, gaur egungo formatu honekin 2012an hasi ginen. Lehen, Plaza Berrian, Fronton kafetegian eta Orbelan egiten genuen. 2012an, ordea, leku gehiagotara zabaltzen hasi ginen.

Uste duzu jaialdi honek tolosarrak blues gehiago ezagutzera bultzatu dituela?

Bai, dudarik gabe. Hasiera hartan blues musika zer zen ere ez zekien asko zegoen Tolosa inguruan. Eta gaur egun, jaialdirako aste batzuk falta direnean jendea galdezka hasten da ea ze talde datozen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!