Kale Kantoitik

Agur bero bat

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Godoy 2019ko eka. 27a, 12:23

Artikuluak idazteko tartea loari lapurtu ohi diot. Eguneko eginkizun mundutarrak bete ostean baitator ametsezko izaera duten nire egitasmoen txanda. Oraingoz behintzat. Kilika eragiten didaten abenturak magalean hartu eta mimatzen ditut. Betebeharren jazarpen iraunkorraz atseden hartzeko nire babesleku antiaereoa dira antzerkia, musika, idaztea, zeramika...

Baina nire magala espazio konpartimentatu bat bihurtzen ari da, Denari Baietz Esateko Sindromea pairatzen dudanez. Minberatzen hasi zaizkit eskuak ametsak laztantzen. Burua nekatzen zait, eta gau batzuetan begiak indarrez itxita ere ez naiz aireratzen. Eta hau da ametsetan ametsik gaiztoena niretzat, ametsik gabeko loa. Isiltasunaren zarata. Zaletasun anitzek sortutako korapiloak itotako eztarria naizela sentitzea. Horren solemneki esanda dena baino larriagoa dela dirudi agian, beti izan dut neure komeriak modu bizian azaltzeko joera. Baina ulertzen duzue azaldu nahi dudana ezta? Labur eta metaforikoki azaltzearren, basamortuko fruitu falta bezain arriskutsua dela oihaneko fruituen artean ez bereiztea.

Txikitan ez zidan inork azaldu ametsek pisua zutenik, etereoak zirela uste nuen. Langar-laino baten itsura ematen nien. Baina zerbait organikoagoa dira, garaipen zein porrotez elikatzen den zera. Hasiera eta amaieradun ibilbide biziduna. Gure gauetan, begiak ixtean loratzen den landare kuttuna.

Baina jakina, alako batean iristen da goiza. Hemen da amets goxotik tiraka ateratzen nauen iratzargailu hotsa. Nire koklean danbaka sartuta bahitu du nire loa. Goizean argiari aurrea hartuta jaiki egingo naiz, ze erremedio. Txiza egin, dutxatu amestutakoaz oroitu nahian burmuina estutzen dudan bitartean. Irudi iheskorrak gogoaren sareaz ehizatzen tematuko naiz. Baina gosaltzeko erabili dudan katilua garbitu orduko ahaztuko ditut ziur. Ametsa batzuk errepikakorrak dira, beste batzuk igarokorrak. Amesgaitzak ere badira. Baina Buñuelen desira zen bezala hogei ordu ametsetan pasa ezean eta beste soberakoak ametsez gogoratzen... ezin honenbeste amets loaldi batean ahokatu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!