T3T eta T2T mendi lasterketak 2019

"Podiuma egiteak ilusio handia egingo lidake"

Imanol Garcia Landa 2019ko eka. 13a, 19:58

Sarah Ugartek (Donostia, 1986) bi urte daramatza Tolosan bizitzen. Orain bi urte, min hartu arren, T3T proba amaitu zuen, seigarren eginez. Aurtengoan, denbora eta postua hobetzea du helburu.

Aurretik egina duzu T3T proba. Zein oroitzapen dituzu?

Orain bi urte atera nintzen, eta Uzturreko gurutze inguruan luxazio bat egin nuen klabikulan. Dezenteko minarekin, baina jarraitu nuen eta bukatu nuen. Gero ospitalera joan nintzen eta hiru hilabetez bajan egon behar izan nuen. Aurten berriro atera nahi dut, iaz Zegama-Aizkorrin lesionatu egin nintzelako, eta ezin izan nuelako atera.

Eta, zer esango zenuke ibilbideari buruz?

Ibilbidea oso ondo ezagutzen dut. Tolosan bizi naiz eta egunero joaten naiz leku horietatik. Gogorra da, hiru mendi direlako eta kilometro asko direlako, baina oso ohituta nago eta etxean sentitzen naiz. Ibilbidea ezagutzen baduzu, asko aldatzen da lasterketari aurre egiteko modua.

Zein da zure helburua iganderako?

Postua hobetzea, eta baita denbora ere. Orain bi urte sei ordu eta erdi egin nituen, eta hori hobetu nahi dut. Eta podiuma egiteak ilusio handia egingo lidake.

Podiumerako lehia horretan aurkari zein izan ditzakezun begiratu duzu ?

Oraindik ez dut begiratu, eta normalean ez diot begiratzen horri. Nik beti pentsatzen dut nola egingo dudan nik ibilbidea, eta sentsazioen arabera joaten naiz.

Aurten hainbat proba irabazi dituzu. Zer-nolako denboraldia egiten ari zara?

Oso kontentu nago. Denbora asko daramat lesionatu gabe, eta orain oso ondo nago fisikoki. Garingo mendi lasterketa, Berastegiko Negu Trail, Urretxuko UZ Trail eta Trail Mallos de Riglos irabazi ditut. Nafarroa Xtrem proban bigarren egin dut, eta orokorrean nire urte onena dela esan dezaket, proba guztietan podiuma egin dudalako. Zegama-Aizkorrin izan naiz eta hor hamalaugarren egin nuen, eta oso kontentu bukatu nuen. T3T probaren antza gehien duena da, eta ea igandean zortea dudan, eta Zegama-Aizkorrin erakutsitako maila eman dezakedan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!