Soslaia: 'Konpiteroa' eta kultur gizon alaia

Joxemi Saizar 2019ko eka. 13a, 09:06

Tolosako pertsonai garrantzitsu bat joan zaigu: Joxe Mari Gorrotxategi Pikasarri. Nagusiki lanbidean nabarmendu bazen ere, beste hainbat alorretan ere eragin handia izan zuena, hainbeste maite zuen bere jaioterrian,Tolosan. Eta euskal kulturan ere bere lekutxoa irabazi zuen.

Aitaren eskutik jaso zuen gozogintza ofizioa, eta bizitza osoa eman zuen horretan, artisau gisa, 1680tik Plaza Zaharreko etxe berean izandako lanbideari eutsiz: konpiteroa, berari gustatzen zitzaion definizioa, eta bide berriak urratuz. Xaxu gozokia izan zen osperik handiena lortu zuena, baina, horrekin batera, teilak, zigarrotxoak, pastelak, tartak, txokolatea, turroiak eta bestelakoak ere moldatu, berritu eta sortu zituen. Eta, atal horretan, ikerketa handia egin zuen, liburuak argitaratuz (Historia de la confitería y repostería vasca, besteak beste) eta material eta tresna zahar ugari bilduz. Hortik sortu zuen, 1981ean, Gozogintza Museoa Letxuga kalean bertan. Dietetika produktuak saltzen ere aitzindaria izan zen.

Baina, lehen esan bezala, hau ez zen izan jorratu zuen alor bakarra. Kulturako beste hainbat ataletan ere bere ekarpena egin zion Tolosari, gizon ekintzailea eta ideia onekoa zelako. Zinegotzi izan zen dena debekatuta zegoen Francoren garaietan, 1960ko hamarkadan, eta bere ahaleginez atera ziren aurrera, lehen udal ikastola, euskal dantza eta txistu klaseak, besteak beste. Izan ere, dantzaria ere izan zela ez dugu ahaztu behar.

Argazkigintza izan zen bere afizio nagusietako bat, hainbat erakusketa eginez eta sariak irabaziz, bere argazkiekin. Udalak omenaldia eskaini zionean, 2008. urtean, bere lanen erakusketa zabala osatu zen Aranburu jauregian. Basque Culinary Centerrek, berriz, 2015ean omendu zuen.

Ez dut Joxe Mariren soslai hau bukatu nahi, pertsona aipatu gabe. Gizon ekintzaile hau alaia eta denen laguna zen, xumea. Erraza zen berarekin egotea, hitz egitea, gertukoa zen, denei irekia.

Erlazionatuak

Jose Mari Gorrotxategi konfiteroa hil da

Tolosaldeko Ataria 2019 eka 12 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!