Asuncion klinikak kalera gerturatuko du osasunaren gaia

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 11a, 11:59

'Osasuna kalean' kanpainaren barruan, lau saio izango dira Zerkausian. Artrosiari buruzkoa izan zen atzo, eta bukatzeko tailer berezia egingo dute zuzeneko sukaldaritzarekin.

Tolosako Asuncion klinikak, bertako Assumptio Proinnova fundazioaren bitartez, Osasuna kalean kanpaina jarri berri du martxan. Zerkausian egingo diren 4 hitzaldiz eta tailerrez betetako ekimena da, eta lehen saioa, atzo izan zen. Gainerakoak, ekainaren 20an, eta uztailaren 4ean eta 11n izango dira. «Helburua, osasunaren gaia kalera gerturatzea da. Espezialisten ohiko saioei, aire dinamikoago bat emango die, bide batez, ohitura osasuntsuei edo egunerokoan eragina duten gaiak landuz», azaldu du Regina Martinez klinikako komunikazio arduradunak.

Atzo eman zioten hasiera kanpainari, artrosiaren kausen, ondorioen eta tratamenduen inguruko hitzaldiarekin. Javier Elias eta Arturo Diaz klinikako traumatologoek hartu zuten hitza. Maiatzean, Topic-en eskaini zuten hitzaldi bera, interes handia piztu zuelarik. Orduan, jende asko sartu ezinik geratu zen; hori dela eta, entzun ezin izan zuten horien mesedetan, saioa errepikatzea erabaki zuten.

Hurrengo saioa, hilaren 20an izango da. Joseba Muñoz geriatrak, adineko pertsonen desnutrizioari buruz hitz egingo du. «Garrantzi handia duelako hautatu dugu gaia. Gizartea adinean gorantza doanez, jendeak zahartzarora ahalik eta autonomoen heltzeko ohitura osasuntsuak zeintzuk diren ezagutu behar du, adibidez, elikadura egokiaren garrantzia. Arrazoi ezberdinengatik, desnutrizioa adineko pertsonekin loturiko arriskua da, eta hori saihestea garrantzitsua da», dio Martinezek.

Behin sanjoanak igarota, berriz helduko diete hitzaldiei. Uztailaren 4an, osteguna, izango da hirugarren saioa. Maite Lopez eta Salud Garcia, klinikako kirurgia zerbitzuko medikuek, azaleko minbiziaren prebentzioaz eta tratamenduaz hitz egingo dute.

Azkenik, eta kanpainari behar bezalako amaiera emateko, uztailaren 11n egingo dute azken saioa. Bihotzeko arazoen arriskuez eta bere faktoreez hitz egingo dute Arianne Nuñez nutrizionistak eta Luis Sollet kardiologoak. Hala ere, ez da ohiko saio bat izango, Hika txakolindegiko Roberto Ruiz sukaldari tolosarrak, zuzenean menu bat prestatuko duelako, bertaratzen direnek dastatu ahal izateko.

OSASUNA KALEAN

Ekainak 20, osteguna

18:00. 'Desnutricion y fragilidad en las personas mayores' hitzaldia.

Uztailak 4, osteguna

18:00. 'Cancer de piel: Prevencion y tratamiento' hitzaldia.

Uztailak 11, osteguna

18:00. Elikadura osasuntsuari eta bihotzeko arazoei buruzko saioa eta zuzeneko sukaldaritza tailerra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!