Zumardiak ikastaroak eskainiko ditu uda parterako

Ataria 2019ko ekainaren 7a

Besteak beste, Josu Iztuetarekin piragua zeharkaldiak egiteko aukera izango da, ekainaren 15 eta 16an.

Aurreko asteburuan Oria eta Urumea ibaietan ibili ondoren, ekainaren 15ean Bidasoan eta ekainaren 16an Pasaia eta Oiartzun inguruan piragua zeharkaldia egiteko proposamena egin du Zumardiak. Zortzi laguneko taldea osatu behar da, eta asteburu osorako irteera egitea pentsatu dute. Elkartearen gunean, www.zumardia.eus-en, egin daitezke izen-emateak. Horrekin batera, ekainean eta uztailean, astebeteko ikastaro trinkoak eskainiko dituzte, astelehenetik ostiralera, egunero ordu eta erdiz, piraguan eta paddle surf-ean ibiltzen ikasteko.

Mendiarekin loturiko ikastaroak ere izango dira. Ekainaren 29an eta 30ean, Auñamendietan mendian autonomiaz gaua egiteko ikastaroa eskainiko dute. Mendiko bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaroak egingo dituzte, ekainean eta uztailean, astebetez, eta 11 eta 15 urte bitartekoentzat Hernio eta inguruko mendi eta herrietan barrena bost eguneko zeharkaldi bat egiteko aukera eskainiko dute. Uztailaren 15etik 19rako txandan oraindik badago tokia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!