Tolosa CFeko bigarren eskubaloi taldea mailaz igo da

Ataria 2019ko maiatzaren 28a

Legazpiko Urbeltz taberna taldeari 28-8 irabazita, Tolosa CFeko bigarren eskubaloi taldea Gipuzkoako lehen mailara igo da. Ligako txapeldun ere izan dira.

Tolosa CFeko gizonezkoen bigarren eskubaloi taldeak lortu du aurtengo helburu nagusia: mailaz igo dira.


Pasa den asteburuan jokatu zuten irabazi beharreko partida eta hala egin zuten; 28 eta 8 gailendu zitzaizkien Legazpiko Urbeltz taberna taldeari. Hortaz, datorren urtean, Gipuzkoako lehen mailan arituko dira. Maila igoera gutxi ez eta ligako txapeldunak ere izan dira.


Aritz Garmendia entrenatzaileak adierazi duen bezala, bigarren zihoazen eta beraien esku zegoen mailaz igotzea. «Printzipioz, erraza edo erosoa izan behar zuen, eta halaxe izan zen». Izan ere, aurrean zuten taldeak ez zuen ezer jokatzen.


Zortzi gol bakarrik jasotzearen gakoa defentsako lana izan zela dio Garmendiak: «Defentsan sendo atera ginen eta, hasieran, asko kostatu zitzaien golak egitea». 28 eta 8ko aldea horren ondorioa izan zela iruditzen zaio. «%100ean atera ginen, partida horretan jolasten genuelako denboraldi osoa», dio Garmendiak.


Asteburuko partidaren aurretik, bigarren postuan zeuden tolosarrak eta lehenengo sailkatuak eta hirugarrenak elkarren aurka jokatzen zuten. Azkenean, hirugarren sailkatuta zegoen Zumarragako Urolak lortu zuen irabaztea, eta Tolosa CFekin batera mailaz igoko da.


Aurten mailaz igota, lehengo urtean galdu zutena berreskuratu dute, hau da, Gipuzkoako lehenengo mailan jokatzeko aukera. Horren arrazoi nagusia jokalarien gaztetasuna zela iruditzen zaio Garmendiari. Izan ere, gehienak jubeniletatik igo berriak ziren. «Aurten urtebete gehiago daukate eta nabaritu da. Gainera, hurrengo urterako ere esperientzia hori irabazi dugu».


Behin denboraldia amaituta, datorren denboraldiari begira jarri dira. Garmendiaren ustez, aurten baino maila altuagoa egongo da. «Berdintasun handiagoa dago talde guztien artea», gaineratu du. Iruditzen zaio hori ona izango dela, batez ere, gazteentzat, partida guztietan erakutsi beharko dutelako daukaten maila.


Jokalariei dagokienez, «lehenengo taldea zer markatuko zain» daude. Izan ere, begiratu egin beharko dute lehenengo taldean nork jarraitzen duen baita zenbat jokalari igoko diren bertara ere. Gainera, bigarren taldera aurten Euskadiko bigarrenak izan diren jubeniletatik ere dezente igoko dira. «Jokalari politak datoz», azpimarratu du entrenatzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!