Lan handiena lau urtetan egin dutela dio. Hauteskunde kanpainan erabat sartuta, maratoi txiki batean murgilduta bezala sentitzen da, oraindik Tolosako alkate den Olatz Peon Ormazabal (Tolosa, 1969). Gizarte langintzan diplomatua, eta bere bizitzako «poz handiena» diren lau alabaren ama ere bada.
Zein da lau urteetako agintaldiaz egiten duzun balorazioa?
Lan handia egin dugu eta, beraz, balorazioa oso positiboa da. Programa jakin bat aurkeztu genuen, eta metodologia jakin batekin aritu gara. Ez diogu soilik aurreko agintaldiari erantzun, eta hainbat proiektu aztertu ditugu. Etorkizunean Tolosa marrazten joateko oinarri sendoak ezarri ditugu. Lan ikusgarriez gain, udaletxe barruan ere gauza ugari egin ditugu, herritarrek ikusten ez dituztenak, baina, aldi berean, eragiten dietenak. Parte hartzean ere urrats handiak eman ditugu.
Zeintzuk dira datozen lau urteetarako dituzuen proposamen nagusiak?
Gure programak bost ardatz nagusi ditu. Lehenik, tolosarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea, gizarte politika guztiak bilduz. Bestetik, tokiko ekonomia sustatzea eta enplegu aukera berriak sortzea. Gainera, ingurugiroari, nortasunari, euskarari eta kulturari dagozkien zeharkako politiketan ere berdintasunez ariko gara. Azpiegiturak bermatuko ditugu, irisgarritasunari garrantzia emanez. Azkenik, gobernantza eredu berrian sakonduko dugu, gardentasunez, eta tolosarrentzat lanerako erraztasunak emateko bideak bilatuz.
Eta, zer proposatzen duzue ekonomiari dagokionez?
Duela lau urte ere, gure ardatz nagusietako bat zen ekonomia. Gainera, Tolosaldea Garatzen garapen agentziatik beharrezkoa ikusi zen plan estrategiko berri bat osatzea, azken agintaldietan ez delako egin, eta garaiak asko aldatu dira. Hurrengo agintaldian, Apatta industrialdeko bigarren fasearen garapenari ekingo diogu. Udaletik Emari co-working ekintzailetza gunea ere sortu dugu, eta horri bultzada bat emateko asmoa dugu.
Industriari dagokionez, sektorea gertutik ezagutu dut, lantegiak bisitatuz, eta lan lerro berriak markatuz. Datozen urteetan, oso garrantzitsuak izango dira industria 4.0 eta elektro-mugikortasunaren gaiak. Gainera, lehen sektoreari begira, ohartu gara hainbat nekazal ustiapen izateko, Tolosak dituen arauak oso murritzak direla; beraz, plan orokorra aldatzea proposatzen dugu. Azokaren ekosistema osatzen duten eragileek dituzten beharrak bideratu, tokiko produktuaren balio erantsia bultzatu, eta horiek ekoitzi eta merkaturatzeko kudeaketa profesionalaren lan ildoa ere jorratuko dugu.
Merkataritzari eta ostalaritzari dagokionez, berriz, harremanak sendotzeko hitzarmenak sinatuko ditugu, lokal hutsen egoerari aurre egingo diogu, eta belaunaldi erreleboa gauzatzeko bideak ezarriko ditugu. Turismoan, kanpoko proiekzioa lantzen jarraituko dugu. Turismo bulego berria egingo dugu, kokapen aldaketarekin: Trianguloa plazan joango da. Honezkero onartuta dago administrazio kontseiluan.
Azken lau urteetan, ozen entzun da, eskualdean, %100 publikoa izango den ospitale baten aldeko aldarria. Zein iritzi duzu horren inguruan?
Gai honen inguruko eragile guztiekin hitz egin dugu. Egia esan, guk gure hausnarketa propioa egin dugu. Eskumena, berez, ez da udalarena, baina udalak zenbait harreman ditu klinikarekin, lizentziari dagokionez. Hori, baina, konponduta dago jada. Hala ere, urrunagoko begirada batekin, bizpahiru hamarkada atzera eginda, kontuan izan behar dugu eskualdeko alkateek Eusko Jaurlaritzarekin kontzertazio bat hitzartu zutela, klinika bertan mantendu ahal izateko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak egindako osasun mapan ez zen halakorik aurreikusten, Donostiakoaren gertutasunagatik.
Urte asko dira, Tolosaldean ospitale bat dugula. Hitzarmen horri esker, doako zerbitzua eskaintzen du, publikoa eta kalitatezkoa. Hala ere, beti aldarrikatu dugu bertako herritarrek beste eskualdeetakoen kalitate bereko osasun arreta eta zerbitzua izan behar dutela, zentroaren jabetzari garrantzirik eman gabe.
Orain, ordea, bi errealitatez jabetu gara. Batetik, etorkizunean, osasun arretak behar handia izango du eskualde osoan. Baina, bada oztopo bat, ESIaren antolaketa berrian: Osabideko Informatika Sare Publikoan integratzeko zailtasunak izan dira, eta ohartu naiz ardura bat nuela.
Ondorioz, ospitale publiko bat egitea egingarria dela ikusten dugu, zerbitzu eta jabetza publikoarekin, eta herritarren beharrak kontuan izango dituena. Plan hori 8-10 urterako aurreikusten da, foru aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin hitzartu behar delako. Egun, bi urte barru amaitzen den beste hitzarmen bat dugu. Langileak eta kokapena ere aintzat hartu beharko dira, eta udalak erraztasunak eman beharko ditu.
Galtzaundi Euskara Taldeak bultzatuta, Tolosaldeko Euskararen Lan Mahaia osatu berri da. Zer iruditzen zaizu?
Egindako hausnarketaren ondoren, dugun errealitateari erantzuteko tresna oso garrantzitsua izango da. Eskualdean sortzea erabaki denean, behar bat ikusi delako izango da. Mahaiak duen baliorik handiena bildutako gizarte eragileak eta talde instituzionalak dira, arlo publikoa eta pribatua elkartzea oso zaila izaten baita. Agian, eta behin baino gehiagotan hitz egin da, gerora, beste eskualdeetan ere antzeko proiektuak gauzatu daitezke.
Agintaldi honetan lan handia egin da hazia jartzeko, baina fruituak jasotzeko erronka datorren agintaldian izango da. Izan ere, euskararen biziberritzearen inguruan hausnarketa partekatua egitea emaitza ona izango da, euskara, herritar guztiak biltzen gaituen gaia delako.
Kalean dabilen beste aldarrietako bat, erabakitzeko eskubidearena da. Zein da horri buruz duzun iritzia?
Herri bat garen neurrian, erabakitzeko eskubidea dugu, eta ez dugu zertan eskatu beharrik. Oso garrantzitsua da, hori guztia bultzatzeko, mugimendu sozial bat egotea. Horrez gain, ordea, beharrezkoa da alderdi politikoen bultzada. Legebiltzarreko batzordean dokumentu bat adosten ari dira, eta hori da bidea. Katalunia erreferente izanik, inbidia puntu batekin ikusi nuen bertako erreakzioa, herria izan zelako kalera atera zena. Hemen, ordea, gizartea nekatuago dago. Baina, Euskal Herrian gehiengo zabal bat gara erabakitzeko eskubidearen alde gaudenak, eta zaila da kontrako iritziak entzutea.
Azken urteetan, gora egin dute birziklatze datuek. Zer proposatzen duzue horiei eutsi edo hobetzeko?
Bide onena, berez, kontzientziazioa da. Horrek, ordea, etengabekoa izatea suposatzen du, erlaxatzeko ohitura ere badugulako. Azken legealdian, kontzientziazio maila altua lortu da. Ez dugu atez ateko bilketaren aldeko apustua egiten, ez delako bidezkoa herritarren ohiturak aldatzea, politika jakin bat jarraitu ahal izateko. Herritarrek hondakinak ahalik eta egokien sailkatzeko baliabideak eman behar dira, eta kontzientziazio maila handitu behar da, kanpainen bitartez.
M8ak greba egun arrakastatsuak utzi ditu bi urtetan. Zein politika defendatuko dituzue berdintasunerako bidean?
Egun oso garrantzitsuak izan ziren, eta gizarteak urrats garrantzitsua eman du. Nik, ordea, sentsazioa dut politika publikoak eta gizarte mugimenduak nahasten ditugula. Bakoitzak bere papera du, eta elkarri eragin behar diote. Tolosako mugimendu feministak indar handia hartu du. Emakumeen Etxeak, gainera, hauspoa emango dio, eta elkarrekin ideiak partekatzea oso garrantzitsua izango da.
Berdintasun Sailetik antolatzen diren ahalduntzeko tailerrek ere arrakasta handia dute, eta ikusten da kalean eragina dutela. Bestetik, Tolosan dugun hezkidetza maila ere kontuan izan behar dugu. Oso garrantzitsua da, ikastetxe guztiek, lan itzela eginez parte hartzen dutelako. Horrez gain, Tolosan dugun Protokolo Mahaia eredu bezala jartzen dute beste herri batzuetan, eta bertatik hainbat proposamen atera izan dira, aholkularitza juridikoarena, esaterako, indarkeria kasu bat gertatzen den bakoitzean, egoki artatu ahal izateko.
Beste alderdien ezaugarri positibo bana aipatzerik bai?
Pertsonalki, guztiekin oso harreman ona dut. Militantzia, ordea, beste kontu bat da. Bakoitzak berea defendatzeko jartzen duen grina nabarmenduko nuke. Ordu asko sartzen dituzte eta, zaila denean ere, berean mantentzen dira. Gainera, askotan une txarrak pasatzea ere tokatzen da, eta orduan ere, mantendu eta aurrera jarraitzea oso garrantzitsua da.
Zer egiten duzu politikaz deskonektatzeko?
Batzuetan, udalaz deskonektatzen saiatzen naiz, baina zaila da, oso pertsona politikoa naizelako, oso militantea. Nire baitan dago, besteek zein iritzi duten jakitea eta nik nireari eustea gustuko dudalako. Bestela, mendira joatea ikaragarri gustatzen zait, baita mahai inguru batean lagun artean bazkari eder bat egin, eta kantuan amaitzea ere.