"Orain arte bezala lan egiten" jarraituko du Tolosako EAJk

Ataria 2019ko maiatzaren 23a

Kudeaketa onean oinarrituta, gertutasunetik, gardentasunez eta tolosarrekin lan egiten jarraituko dutela azaldu du Olatz Peon Tolosako EAJren alkategaiak, gobernantza ereduari buruz egindako agerraldian.

Tolosako EAJk gaur goizean egin du agerraldia hauteskunde programako bosgarren eta azken ardatza azaltzeko, gobernantza ereduari lotutakoa. Olatz Peon alkategaiak hartu du hitza eta orain arte bezala lan egiten jarraitzeko konpromiso irmoa erakutsi du, "kudeaketa onean oinarrituta, gertutasunetik, gardentasunez eta tolosarrekin zein herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean jardunez".

Ezinbestekoa da Peonentzat "tolosarrengandik gertu" egotea: "Parte hartze prozesuak Udaleko egunerokoan barneratuak izan daitezen, parte hartze digitala sustatu eta informazio kanal pertsonalizatuak landuko ditugu".

Beste hainbat proposamen ere egin ditu: "Herritarren arreta zerbitzua indartzea, Udate APP-a mugikorretara egokitzea, webgunetik erreserbatzeko sistema ezartzea eta telematikoki egin daitezkeen tramiteak areagotzea". Gardentasunari begira, kanal pertsonalizatuak sortuko dituztela azaldu du alkategaiak, Udalaren jardunaren baitako informazio guztia herritarren eskura jartzeko. 

Agerraldiaren amaieran, igandera begira jarri ditu begiak: "Iraganera bueltatu edo etorkizunerantz egin, horixe da igande honetan tolosarrek erabaki beharko dutena; guk anbizio handiko proposamen zehatzak ditugu, landuak, etorkizuneko Tolosa eraikitzen jarraitzeko". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!