Berdintasunean sakontzen jarraitzeko agerraldia egin dute Tolosako EH Bilduren zerrendako emakumeek, Tolosako Emakumeen plazan. Izan ere, EH Bilduko emakumeentzat, eta oro har, taldekide guztientzat funtsezkoa da "matxismoarekin amaitzea, mugak ezabatzea eta norberak bere ni-a askatasunez bizitzea". Azaldu dutenez, matxismoaren aurkako borrokak eragina zian du taldeko kideek Tolosako herria ordezkatzeko eman duten pausoan.
Lehen pertsonan hitz egin du Olatz Artola hautagaiak. Izan ere, Tolosaldeko Asanblada Feministako kidea da. Azpimarratu duenez, "Tolosaldean urteak daramatza borroka feministak itzaleko lana egiten, forma eta garai desberdinetan. Azken bi urteetan inurri lan horrek oihartzuna izan du eta indartuta dago, oso, Tolosaldeko Asanblada Feminista".
EH Bilduren taldeak asanblada horren bozgorailu eta bidelagun izan nahi du. Bide horretan aurrera egiteko, "emakumeak bere paperetik eta udala beretik, bi bide paralelo horietan egonda, indarra herritargotik eta udaletik eginda, feministen bidea erraztea eta Tolosa berdinzalea izatea dugu helburu", adierazi du Artolak.
EH Bilduren taldeak, elkartasunean, berdintasunaren esparruan programa zabala landu du. Feminismoa zeharkakotasunez landu dute esparru guztietan, besteak beste, gobernantzan, kulturan, kirolean, hezkuntza, hirigintzan, enpleguan, sexu aniztasunean eta politika sozialetan.
Hainbat neurri zehatz proposatu dituzte programan, eta gai bakoitzeko bana zerrendatu dituzte:
- Gobernantza: Mugimendu feministak eta emakume elkarteek politika publikoen diseinuan, egikaritzean, eta jarraipenean parte hartzea bultzatzea, haien premietara egokitutako mekanismo eta gune egonkor eta malguen bitartez.
- Enplegua eta sozioekonomia: Prestakuntza eta enplegu-planak garatzea, prekarizazio eta diskriminazio handieneko egoeran dauden emakumeentzat bereziki, autonomia ekonomikorik ez dutenentzat edo guraso bakarreko familietako emakumeentzat, besteak beste.
- Politika sozialak: Zaintzaren inguruko diagnostikoa egitea, bai familia eremuetan, baita esparru profesional instituzionalean ere. Gainera, indarkeria matxista eta sexu erasoak jasaten dituzten emakumeei ikuspegi feministatik arreta zerbitzua eskainiko die udalak, ahalduntzeko, duintasuna eta autonomia bueltatzeko, eta merezi duten sendatze eskubidea izateko.
- Aurrekontu eta zerga politikak: Esparru politiko-teknikoko lan taldeari zuzendutako formakuntza plana garatzea, herriko aurrekontuak genero prespektibatik analizatu eta landu ahal izateko.
- Kultura: Historia osoan emakumeek egindako sorkuntzak ahanzturatik ateratzea, eta gaur egungo emakume sortzaileei garrantzi berezia ematea, bereziki, herriko emakumeei.
- Kirola: Kirolei genero etiketak kendu eta edonork edozein kirol praktikatzea bultzatzea. Emakumeek egiten dituzten lorpenei argia ematea.
- Hezkuntza: Hezkuntza zentroekin elkarlanean aritzea, berdintasuna oinarritik lantzeko.
- Hirigintza: Ikuspegi feminista hirigintzan txertatzeko proiektuan jasotzen diren neurri eta hobekuntzak aurrera eramango direla ziurtatzea udal planeamenduan eta hirigintzan.
- Sexu-aniztasuna: Urratsak ematen jarraitzea aniztasun eta askatasun sexuala jendartearen esparru orotan gauzatua izan dadin, eta paradigma sexuala aldatzeko.
- Feminismoa: Emakumeen Etxea eraiki eta martxan jartzea. Azken urteetan eskualdeko emakume talde handi batek, nahiz talde eragileak, belar motzeko lan handia egin du emakumeen etxea aurrera eramateko, eta EH Bilduk, bide horretan eman behar diren ondorengo urratsetan laguntzeko konpromisoa hartzen du. Espazioak behar diren baliabide material, ekonomiko eta pertsonalez hornituko ditu udalak, beharrei erantzungo dien zerbitzua eman ahal izateko.
Horretan lan egin ahal izateko, beharrezkotzat jo dute formazioa, "beharrezkoa da gu geu heztea berdintasunean". Udal ordezkariak, herritarrak, eta udal langileak, emakume zein gizon, formatzearen garrantzia nabarmendu dute agerraldian, "etorkizuneko herritarrak haur zein gazteak izango direlako".