Tolosako EAJk ospitale publikoaren alde agertutako jarreraren aurrean, Tolosaldeko EH Bilduk hori guztia aurrera eramateko konpromisoa hartua duela azpimarratu du: «Bai orain eta baita hauteskundeen ondoren ere». EAJri, Tolosalderako hain garrantzitsua den gai baten inguruan «inplikazio eta konpromiso egiazkoa», har dezala exijitu diote: «Ez dezagun herritarren esperantza eta ilusiorekin jolastu».
Amaia Azkue Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiaren arabera, «milaka herritar eta eragile bezala, eskualdeko osasun egoeraz kezka» izan dutela adierazi du: «Osasun eredu berri baten aldeko apustua egiten dugu aspalditik eta gure eskualdeko arazoa konpontzeko proposamenaren berri ere eman izan dugu».
«Harrituta gaude, hauteskunde egunerako zazpi egunen faltan, urte luzez eskaera horri bizkarra eman ondoren, orain, 360 graduko aldaketa eman duelako EAJk». Azkueren hitzetan, «behin eta berriz, Tolosaldeko osasungintzaren egoeran arazorik ez zegoela esan izan du EAJk orain arte, eta bat-batean, ospitale publikoa egitearen alde daudela azaldu diote prentsari». «Are txundigarriagotzat» jo dute, «asmo hori euren hauteskunde programan jaso ez izana». Orain arte, herritarren interesen gainetik beste batzuk defendatu ditu Tolosaldeko osasungintzan EAJk, eta orain ere, herritarren interesen gainetik euren interes elektoralek bultzatu dute aldaketa horretara».
Proposamen horren "kutsu elektoral eta interesatuaz" harago, Tolosaldeko EH Bilduko ordezkariek "poza" agertu dute: "Orain arte ospitale publikoaren beharra ukatu dutenak arrastoan sartu izanak, eta hainbat urtetan eskualdeko jendarteak egindako eskaerari modu egokian erantzuteak pozten gaitu”. Hala ere, EAJren proposamenak "sinesgarritasuna" izan dezan, hainbat baldintza betetzea ezinbestekotzat jo dute: “Alde batetik, 2019-2023 legealdiak izan behar du Tolosaldeko ospitale publikoa nolakoa izan behar duen erabakitzeko epea. Bestetik, parte hartze prozesu zabal baten bidez ebatzi beharko da nolako ospitalea behar dugun: eragile politiko, sindikal, sozial, instituzional eta profesionalen inplikazioarekin. Prozesu horrek, amaieran, Tolosaldeko herritarren onespena beharko du, galdeketa bat egitea baztertu gabe”.
Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkategaiak, "hartutako konpromisoak" beteko dituztela esan du: “Herritarrek udala gobernatzeko babesa ematen badigute, osasungintzarekin lotuta herri programan agindutakoak betetzeari erabateko lehentasuna emango diogu”.
Eskualdeko diagnostiko soziosanitarioa egiteko lidergoa hartzeaz gain, ospitale berriaren kokalekurako beharrezko aurrelanak kudeatzeko prest agertu da Martinez de Rituerto. “EH Bildu Tolosan alkatetzara eta Gipuzkoan Foru Aldundiko gobernura iritsita, EAJri ospitale publiko baten aldeko konpromiso eta asmoari eusteko eskatzen diogu. Baita TOPAk hainbestetan eskatu duen alderdien arteko elkarlanerako prestutasuna agertzea ere”.
Agerraldian, azken urteetan egindako lanari balioa aitortu diote eta Gure osasuna, gure erabakia proposamena gai horri irtenbidea emateko abiapuntu gisa kokatu dute: “Eragileekin, sindikatuekin, lehen arretako langileekin eta Asuncion klinikako langileekin landutako proposamena baita. Bertan aipatzen diren korapiloak, Asunciongo langileen etorkizuna adibidez, denon artean askatu eta eztabaidatzearen beharraz jakitun garen arren, proposamenak duen potentzialitate guztia garatzea nahiko genuke”, esan du Martinez de Rituertok.
Ospitalearen ezaugarriak zehazterakoan kontuan hartu beharreko ideiak ere aipatu ditu Martinez de Rituertok: Tolosa eta Donostiako ospitalearen arteko distantzia eta espezializazio handia eskatzen duten prozedurak –minbiziaren ebakuntzak, adibidez– Tolosan egiteak kalitatean izan lezakeen eragin ezkorra; lehen mailako arreta zerbitzu eta etxeko mediku zerbitzu indartsuen beharra; Tolosaldeko EH Bilduren osasun publiko berri baten aldeko proposamena txostenean jasota dagoen klinikako langileen inguruko lanketa; eta geriatriako espezialistak bermatzea eta zerbitzu multifuntzionalak sortzeko aukerak aztertzea.
Bukatzeko, Tolosako alkategaiak gaineratu du: "Alderdi politikoek ideiak mahai gainean jar ditzakete, baina osasun arloko kudeaketaren forma zein edukia, gaian adituak direnek diseinatu beharko dute".