Tolosako EAJk ospitale publikoaren eraikuntzan urratsak emango dituela iragarri du, Eusko Jaularitzarekin elkarlanean: "Tolosaldeko ESI-ko antolakuntza berriak bere zerbitzuen funtzionamendu integralerako beharrezkotzat jo du, hain zuzen ere, Tolosaldeak ospitale publikoa izatea, Osakidetzako ospitaleen sarean txertatua egongo litzatekeena. Aipatu guztiagatik, EAJ-PNVk Eusko Jaurlaritzarekin batera beharrezkoak diren pauso guztiak emango ditu gutxi gora behera 8-10 urteko epean ospitale publikoa eraikia egon dadin eta udaletik ere urrats guztiak babestu eta sustatutako dira, betiere udalaren eskumenen baitan: tramite eta prozesuak erraztuz edota beharrezkoak diren lurzoruen eta azpiegituren lagapena gauzatuz. Modu honetara, eskualdeak, eraikuntza berriko eta artatuko duen eskualdeko herritar kopuruaren neurrira diseinatutako ospitalea izango luke".
Ospitale horrek ondorengo ezaugarriak izango lituzke EAJren esanetan:
- Endoskopia eta radiodiagnostikoko sistema guztiak.
- Kirurgia arin eta kirurgia anbulatorioa (eguneko kirurgia ospitalea).
- Tolosaldeko beharren araberako ohe kopurua.
- Etxez etxeko ospitalizazio zerbitzua.
- Errehabilitaziorako zerbitzua.
"Tolosa, osasun arloan eta esparru soziosanitarioan erreferentziazko gune"
Helburu hori lortzeko, ospitale berriaren eraikuntza sustatzeaz gain, EAJk, "Asunción klinikaren egungo instalazioen eraldatzea ere bultzatuko du Tolosaldeko osasun zerbitzuen eskaintza zabaltzeko". Prozesu hori "luzea" izango dela dio alderdi jeltzaleak, eta "egokitzapen denboraldi bat beharrezkoa izango da". Aldi berean, argi utzi nahi izan dute EAJtik prozesu guztia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Sailarekin elkarlanean gauzatu beharko dela, "eskumenak eurenak direlako".
Iragarritako urrats horiekin Tolosaldeko biztanleen bizi kalitatea nabarmen hobetuko delakoan dago EAJ, osasun arloari eta arlo soziosanitarioari dagokionean; "baina baita enpleguari lotuta ere, enplegua sendotuko duelako. Izan ere, jakina da, etorkizun hurbilean gero eta zerbitzu soziosanitario gehiago beharko direla biztanleriaren zahartzea dela eta, hortaz, aipatu beharrari aurre hartu eta pauso kualitatibo inportantea eman nahi da esparru honetan Tolosaldeko herritarrek jasotzen duten arreta eta zerbitzuen kalitatea indartu eta hobetzeko".