Herriarekiko konpromisoa eta lan egiteko ilusioa adierazi ditu EH Bilduk

Ataria 2019ko mai. 21a, 21:20

Tolosako Trianguloa plazan egin dute hauteskunde kanpainako ekitaldi nazionala. Bertan, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkategaiak, Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako ahaldungai nagusiak eta Maddalen Iriarte Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramaileak hartu dute parte. Hirurek, "bidea elkarrekin egiteko aukera" luzatu diete herritarrei.

"Grisa ez, koloretsua izango den herri bat nahi dugu", esanez ekin du Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako ahaldungai nagusiak gaur arratsaldeko agerraldia, dozenaka herritarren aurrean. Herriaren alde egiteko guztia soberan dutela, eta herritarrekin konprometitutako herritarrak nahi dituztela ere aipatu du. "Ez gara politikariak, EH Bildu gara". Herri eta auzoetan, ongizatea bermatu eta bizi kalitatea hobetzeko lanean gogor dihardutela azaldu du.

Izagirrek, pertsonak zaindu eta maitatu beharra nabarmendu du, eta EH Bildu bozkatzeko deia egin die Tolosan “dagoenarekin konforme ez eta Gipuzkoan zer hobetua badagoela pentsatzen duten herritar guztiei”. Instituzioek herritarren esku egon behar dutela ere azaldu du, "alkate onena herria delako, bidea elkarrekin egiteko aukera dugulako".

Herritar guztiekin hartu du konpromisoa Izagirrek, orain arteko politika publikoak eraldatzeko. “Bizitza osoa inongo errekonozimendurik gabe zuen senitarteko bat zaintzen igaro duzuenok, bozkatu EH Bildu; bigarren mailako gipuzkoar sentitzen zaretenok, bozkatu EH Bildu; hilabete osoa lanean pasa eta hala eta guztiz ere hilabete amaierara iristen ez zareten guztiok, bozkatu EH Bildu; atzerrira joan behar duzuen gazteok, instituzioek ez dizuetelako ezer eskaintzen hemen, ez lanik, ez etxebizitzarik, bozkatu EH Bildu; normaltasun guztiarekin, berdintasunean, bizi ezin zareten emakumeok, izututa askotan, jakinda etorkizunak ez dizkizuela aukera berdinak eskainiko emakumea izateagatik, bozkatu EH Bildu; zuen jatorri edo orientazio sexualagatik marjinatuak sentitzen zaretenok, bozkatu EH Bildu”.

Ospitale publiko berri baten aldarria

Ezer baino lehen, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkategaiak, herriko hautagaitza talde osoa goraipatu du, "ilusioa, prestakuntza eta gaitasuna” uztartzen dituelako eta, batez ere, “Tolosa hobeago eta justuagoa egiteko gogo ikaragarria” duelako eta “Tolosaren aniztasunaren ispilu” delako. Ondoren, eskerrak eman nahi izan dizkie hilabete luzez lanean aritu diren taldekideei. "Intentsitate handiko hilabeteak izan dira, eta aldi berean, aberatsak; zorionekoa naiz, ikaragarri ikasi dudalako".

Alkategaiak, batez ere, osasun eredu berri baten aldeko apustua egin eta EH Bilduk norabide horretan egin duen proposamena azpimarratu du, Tolosaldeak gainerako eskualdeek dituzten osasun zerbitzu berdinak jaso ditzan. “Horretarako, ezinbestekoa da ospitale publikoa egitea eta herritarren, eragileen eta erakundeen artean zer eta nolakoa izan behar duen definitzea. Gainerako instituzioek bizkarra erakutsi digute, eta gainera, diru publikoa ez dute zerbitzuen kalitatea hobetzeko erabiltzen. Gabezi ikaragarriak dituzte, gauza bera eta aurkakoa esaldi berean esaten dituztelako".

Baketik eta elkarbizitzatik herria eraikitzera

Bestetik, Maddalen Iriartek euskal herritarren konpromiso militantea goraipatu du. "Herrian dago EH Bilduren benetako altxorra”, kalean zein instituzioetan lanean. “Denon artean euskal errepublika librea eraiki behar dugu". Horrez gain, akordio garrantzitsuenetan "etsi gabe jarraitzeko asmoa" azaldu du. "Askotan, ezinbesteko alderdia izan gara, gure siglak bigarren mailan utzita eta eskuzabal jokatuz, Nafarroan bezala, aldaketa erdiesteko, bai eta Gasteizen ere, duela lau urte Maroto alkatetzatik ateratzeko”.

Bakearen eta elkarbizitzaren alde egunero lanean aritzearen garrantziari eta bertatik herria eraikitzearen beharrari ere erreparatu dio Gasteizko Legebiltzarreko bozeramaileak. “Batzuek marra gorri guztiak gainditu dituzte, eta hori etsigarria izan da benetan. Konfrontazio ideologikoa aberasgarria izaten da beti, baina lau botoren truke manipulatzea eta gezurretan aritzea ez zait interesatzen. Etsipen handia hartu dut batzuek horrela jokatzen dutela ikusita. Ez zaigu interesatzen kostata eraikitako zubiak haustea”.

Horren aurrean, Iriartek etorkizunera begiratzera dei egin die herritarrei. “Etorkizuna herritarrak errespetatzea da, herritik, herritarrekin eta herritarrentzat lan egitea, betiere herriaren interesak beste edozeren gainetik jarrita; etorkizuna askatasunaren aldeko bidean sakontzea da, eta ez besoak gurutzatuta Madrildik zer etorriko den zain geratzea. Ez gara lotsatzen, eta Bruselan ere aldarrikatuko dugu orain errepublikak nahi ditugula. Inoren kontra joan gabe, posible dela sinetsi eta sinestarazi behar dugu. Europa justu eta duin bat nahi dugulako, erreferendum bidez erabakitako estatu bat izan nahi dugulako”.

Bozeramaileak iraganean kokatu ditu, ordea, EAJ eta PSE. “Bi zerrenda ezberdinetan joan arren, EAJ eta PSE elkarrekin doaz hauteskunde hauetan; berdin dio EAJ edo PSE bozkatzea. PSE da EAJren bazkidea, Gorka Lupiañez torturatu zutenean agintean zegoena, eta Kataluniako Parlamentua desegin eta hango Gobernua kartzelara edo erbestera bidaltzea ondo ikusi zuena”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!