«Ospitale berria premiazko beharra da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 23a, 11:59

Lehen aldiz aurkeztuko da herriko alkategai modura. Tolosa berri bat marrazteko bidean, programa mardula eta ausarta osatu dutela dio. Hala ere, hirigintzaren eta osasunaren gaiek kezkatzen die gehien.

Gorputz heziketan lizentziatua, eta ariketa fisikoaren psikodidaktikan eta hezkidetzan graduondoak burututakoa da Andu Martinez de Rituerto Arregi (Lazkao, 1967). Gainera, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetarako zuzendaritzarako agiria eskuratu zuen, eta egun, irakaslea eta zuzendaria da Alegiako Aralar institutuan. 20 urte baino gehiago daramatza Tolosan. Bost seme-alaben aita da, eta ahal duen neurrian, atletismoan ere aritzen da, duela 12 urte berreskuratu ostean. “Beste filosofia batekin” hartzen duela dio, “plazer iturri modura, erotu gabe”.

Zergatik eman diozu baiezkoa alkategai izateko gonbitari?

Pertsona oso independentea izan naiz beti, alor eta eremu askotan inplikatu dena. Kritikoa izaten  eta iturri askotatik edaten ere saiatu naiz. Baina, inoiz ez dut harreman zuzenik izan alderdi politiko batekin. Niregana zuzendu zirenean, alderdien dinamikarekin hautsi nahi zutela eta pertsona independente bat nahi zutela esan zidaten, euren oinarri ideologikoekin bat egiten zuena eta freskotasun bat emango ziena. Askotan, politikatik kanpo gaudenok, beti pertsona berdinen arteko lehiaz kexatzen gara, eta beraz, interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen, ekarpenak egiteko gai naizelako.

Zein da azken lau urteen inguruan egiten duzun balorazioa?

Talde baten barruan ez zaudenean, nahiz eta herrigintzaren parte izan, politika mundua beste ikuspegi batekin hartzen da. Hanka puntetan igaro diren lau urte izan dira, non udalak inertzia batean funtzionatu duen. Ez da proiektu finkorik egon, eta zezenak harrapatu die zenbait kontuetan. Fronton eraikinaren kontzesioarekin ez dira argi ibili. Hiribusarekin ere aurreikuspen falta handia egon da. San Esteban auzoan, 2015ean gauzak lotuta zeudela, lau urte alperrik galdu direla iruditzen zait. Gainera, aurrekontuak ere zehaztu gabeak izan dira, lehen urteetan behintzat.

Urriaz geroztik, taldean nagoenez, gertuagotik bizi izan dut udaleko martxa. Aurtengo aurrekontuak landuagoak izan direla ikusi dut, eta esfortzu bat egin dela, norabide garbi bat emateko.

Zeintzuk dira datozen lau urteetarako dituzuen proposamen nagusiak?

14 gaien inguruko lanerako tresna sakona osatu dugu, diagnostiko zabal batekin, helburuak finkatuz eta neurriak zehaztuz. Balio handia du, eragile askorekin elkartu garelako.

Batetik, herriko autobus zerbitzua publiko egitea eta indartzea oso garrantzitsua da, gabezi bat delako. Auzo elkarteetatik mugitu direla ikusteak, asko poztu nau. Gainera, jasangarriaren aldeko apustua egitea ere beharrezkoa da, eta aukerak aztertu beharko dira, baina autobus elektrikoa jartzearen ideia mahai gainera eraman behar dela iruditzen zait. Sortzen dugun energiarekin, udal eraikinetan energia berriztagarria sortzeko eguzki panelak eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko estazioak jartzea ere proposatzen dugu. Orain ez dugu guztia aldatuko, hori ez delako soluzioa, mugikortasun eredu guztia aldatzea baizik; hala ere, ordezkatzen hastea beharrezkoa da, kateak nonbait hasi beharko du.

Bestalde, hirigintza aldetik, Zumardi Txikia aisialdirako gune modura berreskuratuko dugu. Lehen helburua, ordea, bertako autoekin zer egin erabakitzea izango da, aparkalekuari irtenbide bat ematea. Gainerako alderdiek ere horrela pentsatzen dutela ikusteak pozten nau. Rondilla kalea oinezkoentzat atseginago egingo dugu.

Bestetik, kultur tresneriaren azterketa bat egin da, eta kultur etxeak nahiz udal liburutegiak berritzeko beharra dutela ikusi dugu. Ikasle ugari kexatzen dira, batez ere, azterketa garaian, ordutegi egokia eta argitasuna izango duten ikasgelak nahi dituztela. Faltan botatzen dugu ere, Leidor eta Topic aretoen osagarri izango zen erabilera anitzeko gela bat. Une honetan, kultur etxekoak bere funtzioa betetzen du, baina uste dut Tolosak merezi duela 150 lagun inguru hartuko dituen areto txukun bat.

Auzo eta landa auzoekin ere ez gara ahazten, eta bizilagunekin beharrak aztertu eta lehentasunak finkatu ondoren, horiek asetzeko baliabideak bideratuko ditugu. Usabal kiroldegiko hirugarren fasea definitu eta Berazubiko lanak amaitu behar dira datorren legealdian.

Gure proiektuan, gizarte politikek ere garrantzi handia dute, eta beraz, udal diru laguntzak berrikusteko beharra dago, eta behar horiek dituzten herritarrengana iristeko ahaleginak egingo ditugu.

Alor ekonomikoari dagokionez, zer proposatzen duzue?

Tolosaldea Garatzen eskualderako tresna oso indartsua da, eta industrian eta ekonomian eskualde ikuspegi bat eman beharrean gara. Batetik, enpresak kanpora ateratzeko eta merkatua zabaltzeko aukerak aztertu behar dira, enpresen arteko elkarlana ere bultzatu beharra dago, saretuz eta sinergiak sortuz. Merkatuak oso azkar aldatzen ari dira, eta eskualdeko enpresak oso txikiak dira. Ez dute baliabiderik izaten azterketa horiek gauzatzeko. Enpresei laguntzak eman behar zaizkie, egokitzen eta proiektuak bideratzen hasteko. Gainera, eskualdean ez dugu enpresa handirik, eta Goierrin duten enpresa motor indartsu horiek gurera ekartzearen aukera planteatuko nuke, eurekin hitz eginez, eta ahal den neurrian, erraztasunak emanez.

Bertako merkataritza eta lehen sektorea babesteko neurriak indartzen jarraituko dugu. Funtsezkoa da kontsumo ereduen gaineko hausnarketa bultzatu eta kontzientzia lan bat egitea. Askotan ez gara ohartzen erosketa sume bat egitea, ekintza politiko indartsu bat dela. Non eta zer erosten dugunaren arabera, zer nolako gizartea izango dugun definituko dugu.

Hala ere, ahaztu egiten zaigu bi alde daudela. Lana sortzen dutenei soilik begiratzen diegu, eta une honetan, prekarietate handia dago. Sortzen den lan orok, soldata eta baldintza duinak izan behar ditu, ikuspegi sozialarekin. Horren aurka borrokatu behar dugu, ez baitu gizartea hobetzen.

Azken lau urtetan, ozen entzun da eskualdean %100ean publikoa izango den ospitale baten aldeko aldarria. Zein iritzi duzue honen inguruan?

Ni oraindik taldean ez nengoenean, EH Bilduk liburuxka interesgarria atera zuen iaz, eskualdean osasungintzaren egoera zein zen azalduz. Ez da soilik ospitale bat aldarrikatzea, lehen arreta indartzea, larrialdi zerbitzuak publiko egitea, osasunaren prebentzioa eta promozioa egiteko indarrak ezartzea da. Duela gutxi, Osakidetzak plazaratutako ikerketa batean, oso nabarmena zen txiroenak zutela osasun egoera kaxkarrena. Ondorioz, gizarte politikan sakontzea, osasungintzan aurrera egitea da.

Ospitalearen egoera, oso kezkagarria da. Batetik, oso nabarmena da, eskualdeko herritarrok gainerako eskualdekoekin alderatuta jasotzen dugun arreta ezberdina. Azken urteetan okerrera egin du. Medikuen dantza ikaragarria da Asuncion klinikan. Espezialista batzuk homologaziorik gabe ari dira lanean, garrantzitsuenak falta dira, eta duen lehen aukeran, alde egiten dute. Horrek guztiak, eragin oso kaltegarria du, eta herrian ezagunak dira kasu dramatikoak. Bestalde, langileen ratioa, dagokiena baino baxuagoa da, eta onartezina da. Kontua ez da soilik pribatua edo publikoa izatea. Egun, klinikak ez du eskaintzen tolosarrok merezi dugun osasun arreta.

Alderdi ekonomikoari dagokionez ere kezka handia da. Diru publikoa bideratzen denean, hori egin duen administrazioak, horren erabileraren jarraipena egiteko ardura izan behar du. Urtero, 21 milioi euro ematen dizkio Osakidetzak klinikari, eta klinikak ingenieritza fiskalean oinarritutako enpresen sare bat osatu du, eta ezin da jakin diru hori benetan artaketa publikoan erabiltzen den, edo inguruan dauden enpresa guztiek ematen duten zerbitzu publikora bideratzen den. Orduan, premiazko beharra da ospitale berri bat eraikitzea, baina ez edozein modutan, baizik eta eskualdearen beharren azterketan oinarrituko den eraikin publiko bat nahi dugu.

Kontutan izan behar dugu gizartea zahartzen ari dela, eta azterketa sakon bat egin behar da. Gauza batzuetarako, seguraski, kirurgia konplexuetarako adibidez, Donostiara joan beharko dugu, eta nik hori onartzen dut. Guk, udal lurrak Osakidetzaren esku jartzeko konpromisoa hartzen dugu, eta egoera hau salatzeko behar diren ate guztiak joko ditugu, ospitalea errealitate bat izan dadin.

Galtzaundi Euskara Taldeak bultzatuta, Tolosaldeko Euskararen Lan Mahaia osatu berri da. Zer iruditzen zaizu?

Gertutik jarraitu dudan proiektua izan da, ekimen bikaina eta zoragarria. Ideia aparta iruditzen zait, eskualde osoa, nolabait gizarte osoa eta eragile ugari ordezkatuta egongo den foro bat osatzea. Are gehiago. Eredu hau beste alor batzuetara eramaten saiatu beharko ginateke. Eskualdean, euskara komunikazio eta kohesio hizkuntza nagusia izateko erronkari helduko diogu, berdintasun eta aniztasunaren balioetatik abiatuta. Esperimentu oso eramangarria izango da, ibilbide luzea izango duena.

Kalean dabilen beste aldarrietako bat, erabakitzeko eskubidearena da. Zein da horri buruz duzun iritzia?

Erabakitzeko eskubidea bermatzea gure identitatearen parte da. Gure ideologian agertzen den oinarrizko eskubidea da. Tolosan, gehiengo zabal batek horrela pentsatzen du. Herri abertzale eta ezkertiarra gara.

Azken urteetan, gora egin dute birziklatze datuek. Zer proposatzen duzue horiei eutsi edo hobetzeko?

Datuak begiratzen aritu naiz, eta ez dut halakorik aurkitu. 2015ean, gaikako bilketaren kopurua %76koa zen, eta aurtengo otsailean, gaikako bilketaren datuak %66an kokatzen dira. Ez hori bakarrik. Errefuxara hondakin gehiago isurtzen dugu; organikoaren kasuan, hondakin desegoki ugari aurkitzen dugu. Garrantzi izugarria du garbia izateak, gero berrerabili ahal izateko.

Gainera, lau urteren ondoren, hondakin gehiago sortzen dugu: pertsonako egunean 0,9 kilo sortzetik, 1,1 kilo sortzera igaro gara. %18an igo da kopuru hori. Kontzientziazio lan ikaragarria egin beharrean gaude, erlaxatu egin garelako. Hondakinak biltzeko sisteman jarri da fokua, eta ez luke horrela izan behar. Sistema dena delakoa ere, hondakin gutxiago sortzeko ahalegina egin behar dugu, berrerabilpenaren garrantzia azpimarratuz, eta birziklatuz.

Gizakiok, datozen urteetan dugun erronka handiena gure biziraupena bermatzea izango da, eta gure ohiturak errotik aldatu behar ditugu. Ekonomia zirkularrera jo behar dugu, eta lehengaiak neurrian erabili behar ditugu. Azkenik, kudeatu ezin ditugun hondakinak sortzea ezinezkoa da. Biztanleria handitzen doa, eta hondakin gehiago sortzen eta erregai gehiago kontsumitzen dihardugu. Ideia hori buruan izan behar dugu, eta baita behar diren neurriak hartu ere.

M8ak, azken bi urteetan greba egun arrakastatsuak utzi ditu Tolosan. Zein politika defendatuko dituzue berdintasunerako bidean?

Gure taldean, mugimendu feministan buru-belarri lanean ari diren kideak ditugu. Bidea, beraiek markatu behar digute. Berdintasunaren ikuspegia alor guztietan txertatu nahi dugu, zeharkako gai modura. Gainera, Emakumeen Etxea proiektuari bide emateko beharrezko urrats guztiak emango ditugu. Horrez gain, emakumeek pairatzen duten indarkeria fisiko eta psikologikoari aurre egiteko, aurre egin behar diogu indarkeria estruktural eta sinbolikoari.

Gizarteak kritikotasuna lantzea beharrezkoa da, genero estereotipoak gainditzeko ahalegina egin behar dugulako. Jaiotzen garenetik, zer nolako gizon edo emakume izan behar dugun markatzen digute, egunerokoan hartutako erabakietatik abiatuta. Horrek ematen digun mundu ikuskera gainditzen saiatu behar gara. Komunikabideetatik, emakumeei edertasunaren esklabu modura ezartzen zaien presioa ikaragarria da. Gizonoi, nahigabe ere, irudi oldarkorra eta bortitza ezartzen zaigu. Funtsezkoa da gai honen aurkako mezuak lantzea. Izan ere, berdin gertatzen da gaztetxoek kontsumitzen duten pornografiarekin, baita maitasun erromantikoaren mitoekin ere.

Gainerako alderdien ezaugarri positibo bana aipatzerik bai?

Harreman handirik ez badut ere, gehienak aspalditik ezagutzen gara. Zintzotasunetik abiatuta, herriarentzako proposamen egokienak egin nahi dituztela aipatuko dut. Ideia ezberdinak ditugu buruan, baina aldez aurretik borondate ona adierazten diet denei.

Zer egiten duzu politikaz deskonektatzeko?

Azken asteak, gogor samarrak izaten ari dira. Hala ere, une honetan lana eta politika uztartzeko ez dut arazorik. Lehen, Berazubira joaten nintzen entrenatzera, eta orain kalera edo mendira paseo bat ematera joateko aprobetxatzen dut eguna, gehiago lasaitzen eta indartzen didalako. Gainera, Tolosan dugun zine eskaintza ederrarekin, ahal dudanean, Leidorrera ere joaten naiz. Bestela, han edo hemen, etxekoekin egotea egokitzen zait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!