Euskara eta kultura sustatzeko proposamenak egin ditu Tolosako EAJ-PNVk

Ataria 2019ko mai. 17a, 13:07

Berdintasunaren eta bizikidetzaren aldeko proposamenak ere aurkeztu dituzte. Besteak beste, Tolosaldeko Euskara Mahaia sustatzea eta Emakumeen Etxea eraikitzea proposatu dituzte.

Gaur aurkeztu du Tolosako EAJ-PNVk bere programako bigarren ardatza, hau da, euskarari, kulturari, berdintasunari eta bizikidetzari dagokiona. Olatz Peon alkategaiaren iritziz, Tolosaren berezitasunetako bat bertan sortzen diren ekimenak dira. "Garrantzitsua da kultur eragileek bultzatzen dituzten ekimenak babestea eta kultur taldeekin elkarlanean aritzea", gaineratu du. Horrez gain, musika eskola eta kultur etxea berrantolatzea ere proposatu ditu baita Udal Liburutegia handitzea ere.

Euskarari dagokionez, "gure nortasunaren gako garrantzitsuenetako bat" dela azpimarratu du. "Azken datuen arabera, euskararen erabilera Tolosan gorantz badoa ere, lanean jarraitu behar dugu Tolosa eta Tolosaldea euskararen arnasgune izan daitezen", azaldu du Peonek. Horrez gain, Tolosaldeko Euskararen Mahaiaren partaidetza sustatuko dute. Era berean, administrazio barruan euskara bultzatuko dutela esan dute eta euskaraz ikasteko erraztasunak emango zaizkiela, bai Tolosa bertako herritarrei, bai atzerritik datozenei.

"Berdintasunaren arloan, aipatzekoa da azken legealdian Emakumeen Etxearen inguruan egindako partaidetza prozesua", esan du Peonek. Eraikin berria datorren legealdian egingo dela ere baieztatu du. Horrez gain, beste bi lan lerro ere badituzte generoaren inguruan: politika publikoetan genero zeharkakotasuna sustatzea eta genero indarkeriari aurre egitea.

Bizikidetzari dagokionean, berriz, eskubide demokratiko guztiak bermatuko dituztela baieztatu du Peonek: "Giza eskubide eta iritzi guztiak errespetatuz, herri inklusibo bat osatu nahi dugu". Horretarako, Arantzadirekin elkarlanean, Tolosako memoriaren lanketan jarraituko dutela esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!