Orbela taberna SL-ri eta Sonia Tapiari esleitu diete Frontonen ustiapena

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 16a, 20:16

Atzo ireki zuten agiri ekonomikoak zituen azken gutuna, eta lizitazioaren puntuazioa jakitera eman dute. 30 urtetarako kontzesioa da, bi zerbitzurekin: kafetegia eta jatetxea.

Atzo goizean, Tolosako udaletxean egin zen Beotibar frontoiko ostalaritza-eraikineko jatetxe eta kafetegi zerbitzuen ustiapen deialdira aurkeztutako proposamenen gutun-azal irekiera. Olatz Peon alkatea, Begoña Garmendia idazkaria, Ainhoa Molinos kontu-hartzailea eta Francisco Javier Araniguria idazkaria izan ziren bertan.

Hiru erakundek aurkeztu zuten kudeaketarako hautagaitza, baina bik soilik lortu zuten azken fasera igarotzea: Batetik, Orbela taberna SL eta Sonia Tapiak, eta bestetik, Azkonarra SL-k. Aipatutako udal taldeak, horiek aurkeztutako irizpideak baloratu eta dokumentazioa kalifikatu zuten. Aurrez, espedientea eta klausula administratibo partikularren eta baldintza teknikoen plegua onartu ziren. Dokumentazio teknikoaren balorazioan, honako puntuazioa lortu dute enpresek:

Balorazio irizpideak Orbela taberna SL eta Sonia Tapia Azkonarra SL
Eraikuntzaren aurreproiektua (10 puntu) 7,5 5,75
Emakidaren ekonomia eta finantza plana (10 puntu) 6,5 5,5
Jatetxe eta kafetegiaren kalitatea (43 puntu) 33 31,5
Guztira 47

42,75

 

3. gutun-azalean lortutako puntuazioa Orbela taberna SL eta Sonia Tapia Azkonarra SL
Marka, komunikazio eta marketin proposamena 5 5
Hizkuntza-jakintza egiaztatzeko tituluak 4 0
Kanona 42,93 46
Guztira 51,93 51

 

Lizitazioan lortutako puntuazioa

Orbela taberna SL eta Sonia Tapia Azkonarra SL
  98,93 93,75

 

Sonia Tapiaren hitzak

Gaur eguerdian jaso du albistea Sonia Tapiak. Poztasun izugarria eta lasaitasuna sentitu ditu une horretan, izan ere, “urte bateko lanaren eta urduritasunen emaitza da guzti hau”. 

Orbela Taberna SL eta Sonia Tapia-ren proiektuaren indarguneez galdetuta, Fronton Ostalaritza Eraikina herriarentzat espazio ireki bat bezala irudikatu dutela esan du Tapiak. “Espazio hori herriarentzat eta eskualdearentzat erabilgarri izatea nahi dugu; denen onerako gune bat nahi dugu, ekitaldi kultural, gastronomiko, hitzaldi eta abarrek lekua izango duten gune bat”. Proiektu potentea aurkeztu dutela dio tolosarrak: “Egoitz eta biok hitz egiten hasi ginela urtebete pasa da. Hau ez da gauetik goizera hartzen den erabaki bat. Profesional gehiago lanean ibili dira gurekin; lan izugarria egin dute eta beraiek ere zoriondu nahi ditut. Denbora asko dago proiektu honen atzean, eta batez ere, elkarrizketa asko”. 

Orain paper kontuak egitea tokatuko zaie, eta ondoren: “10 hilabete luzetako lanak egin beharko dira, irekiera 2020an izatea espero dugu; inauterietarako prest egongo balitz zoragarria izango litzateke”, esan du Tapiak; “espazio garrantzitsua da eta irekita egotea herriarentzat oso garrantzitsua dela uste dut”, gaineratuz. 

Pilotalekua alboan duen eraikina da Fronton, eta bien arteko komunikazioan urrats berri bat emateko asmoa dute: “Kafetegian kristalera bat joango da, guk nahi genuena baina txikiagoa, baina pilotalekua ikusteko aukera emango duena”.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!