Fronton eraikineko bi zerbitzuak ustiatzeko, hiru proposamen

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko api. 5a, 11:57

Kafetegi eta jatetxe zerbitzuen ustiaketa lehiaketara atera zen, eta martxoan amaitu zen epea. Maiatzean jakingo da emaitza.

Udalak, bigarrenez atera zuen lehiaketara Fronton eraikineko bi zerbitzuen ustiapenaren esleipena urte hasieran, aurrekoa hutsik geratu ostean. Baldintza berberak mantendu ziren, aldaketa bakarrarekin: bi zerbitzuak, kafetegia eta jatetxea, batera atera ziren lehiaketara. 30 urtetarako kontzesioa da, aurrekoaren aldean, 5 urte luzeagoa.

Pasa den martxoaren 15a bitarte zabaldu zuen, Udalak, Fronton eraikineko bi zerbitzuak ustiatzeko lehiaketan parte hartzeko aukera. Behin epea amaituta, 3 proposamen aurkeztu dira. Interesatuek hiru ataletan aurkeztu behar zuten proiektua: betekizun administratiboak, proposamen teknikoa eta proposamen ekonomikoa. Eskatutako dokumentazioa egoki aurkeztuz gero, maiatzaren 15aren bueltan zerbitzuaren kudeaketa esleitua egotea aurreikusten da. Ondorenean barrukaldeko lanei ekin beharko diete ustiatzaile berriek.

Eraikinaren kanpokaldeko eraberritze lanak burutu dira jada, 500.000 euroko inbertsioa gauzatuz. Guztira, 1.171.488,94 euroko inbertsioa aurreikusi da aurre-proiektuan: kafetegian 769.450 euro (BEZ kanpo); jatetxearen kasuan, 402.037,93 euroko inbertsioa gauzatu behar du ustiatzaileak.

Urteko, ustiatzaileak lokalaren balioaren %3ko kanona ordaindu beharko du: 25.294,80 euro. Hauek dira jarritako baldintzak: gutxienez 10 langile izatea, kultur jarduerak burutzea, euskara eta berdintasun irizpideak betetzea, ardatza euskal sukaldaritza izatea, sasoiko eta kalitatezko produktuak erabiltzea, eta urte osoan zabalik egotea irekita zerbitzua, astean egun bateko atsedena hartzeko aukerarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!